ERRUSIA

Navalni Alemaniara iritsi da

Errusiako oposizioburua Berlingo erietxe batean artatuko dute. Haren osasuna egonkorra dela adierazi du haren bozeramaile batek.

Navalni zeraman hegazkina, Tegelko aireportuan lurreratzen. FILIP SINGER / EFE
2020ko abuztuaren 22a
10:14
Entzun

Aleksei Navalni zeraman hegazkina gaur heldu da Berlingo Tegel aireportura, Errusiako oposizioburua Alemaniako erietxe batean artatu dezaten. Haren osasun egoera «egonkorra» da, haren bozeramaile batek jakinarazi duenez.

Siberiako Tomsk hiritik Moskura zihoala, Navalni gaizki sentitzen hasi zen. Hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen Omskeko aireportuan, haren osasunak okerrera egin baitzuen. Lur hartu zutenerako, konorterik gabe zegoen 44 urteko errusiarra. Haren ingurukoek uste dute pozoitu egin dutela, aireportuan hartu zuen te bati substantziaren bat botata.

Hura Errusian artatu duten sendagileek, ordea, esan zuten Navalniri metabolismo arazoak atzeman zizkiotela, eta oposizioburuak izan zituen sintomek ez zutela zertan pozoiarenak izan. «Ez dago ziurtasunik Navalniren egoera intoxikazioarekin lotzeko», esan zuen Omskeko ospitaleko mediku buru Anatoli Kalinitxenkok.

Hasieran, medikuek ukatu egin zuten Navalni Alemaniara eramateko baimena, argudiatuta haren osasun egoera oso ahula zela, baina aukera hori ontzat jo zuten gero. Navalniren gertukoek uste dute sendagileek Navalniren lekualdaketa atzeratu nahi izan zutela horrela, gorputzean izan zitzakeen arrastoak desagertu zitezen.

Medikuak denborarekin «jolasean» ibili direla esan zuen Kira Iarmix Navalniren prentsa arduradunak. «Hasieran, ez zuten arazorik Navalniren egoera aztertzeko egin zizkioten analisien emaitzak erakusteko. Baina, handik gutxira, emaitzak atzeratu egin direla esan digute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.