Egipto

Nawal al Saadawi pentsalari feminista eta sozialista hil da

Bere lanengatik espetxeratu egin zuten, eta erbesteratu egin behar izan zuen. Kairon hil da, luzaroan gaixorik egon ondoren.

Al Saadawi, 2011ko otsailaren 7an, Kairoko Tahrir plazan, Mubaraken aurkako protestatan parte hartzen. / . AMEL PAIN, EFE
2021eko martxoaren 22a
11:13
Entzun

Nawal al Saadawi pentsalari historiko feminista eta sozialista hil da. Atzo zendu zen, Egipton, 89 urte zituela. Al Saadawik hainbat lan argitaratu zitue,n eta emakumeen eskubideen alde borrokatu zen; horregatik kartzelatu egin zuten, eta erbesteratu egin behar izan zuen. Egiptoko prentsak argitaratu zuenez, luzaroan gaixorik egon ondoren hil da, Kairoko ospitale batean, baina ez dute zehaztu zein gaixotasunek jota.

1931. urtean jaio zen, ondo bizi zen familia batean, Kafr Tahlan, Niloren deltan. Han hasi zen bere pentsamendua garatzen, eta han idatzi zituen bere lehen testu feministak, eskolan ikasle gizonezkoen eta emakumezkoen artean zeuden desberdintasunek bultzatuta. Bere biografian idatzi zuenez, 13 urterekin hasi zen idazten, ohe azpian gordetzen zuen eguneroko batean, eta, harrezkero, ez zion inoiz utzi idazteari, ez 1980ko hamarkadan espetxeratu zutenean eta ez 1990ekoan erbesteratu zutenean.

Medikuntzako gradua eskuratu zuen, eta bere herrian jardun zuen sendagile. Nesken mutilazio genitalaren lekuko izan zen, eta bere ibilbidean luze aritu zen Egiptoko nekazari inguruetan horren kontra egiten. Psikiatrian espezializatu zen ondoren, eta Egiptoko Osasun Ministerioko zuzendari ere izan zen. Osasuna aldizkaria sortu zuen.

Lehen liburua Emakumea eta sexualitatea (1972) izan zuen. Hor dioenez, gizarteak beldurra dio emakumeen gorputzari, eta etengabe saiatzen da emakumeak kontrolatzen, erlijio eta politika aitzakiak baliatuz. Egipton zentsuratu egin zuten lan hori, eta lanetik bota zuten Al Saadawi. Berak sortutako fundazioa itxi egin zuten, gainera. «Hori guztiori emakumeen zorigaitz pribatuez eta publikoez hitz egiteagatik, bai gorputzekoez eta bai intelektualez», idatzi zuen gero.

1981ean estatuaren kontrako krimenengatik espetxeratu zuten, Anwar al Sadar presidente ohiaren erregimena eta sistema kapitalista kritikatu zituelako. Espetxean idatzi zuen bere lanik nabarmenena: Imamaren erortzea (1987). Egipton gaur egun oraindik ere zentsuratuta dago. Lan horretan salatu zuen, hain zuzen, gizonek erlijioa, politika eta morala erabiltzen dituztela emakumeak kontrolatzeko.

Haren lanak hainbat hizkuntzatara itzuli dituzte, bai eta filmetarako eta antzezlanetarako erabili ere. 1991n, Egiptotik ihes egin behar izan zuen, muturreko talde islamisten mehatxuengatik. AEBetan bizi izan zen, eta unibertsitate irakasle izan zen. 2011n, Hosni Mubarak presidentetzatik kendu zuten protestak hasi baino pixka bat lehenago itzuli zen sorterrira, eta horietan hartu zuen parte.

Azken urteetan bere pentsamendua zabaltzen jardun zuen, eta, azkenaldian, geroz eta urriagoak ziren. Sistema patriarkala eta kapitalista kritikatu zituen, ahoan bilorik gabe. Bere bizitzaren azken urteetan, makillajea erabiltzeari eta ilea tindatzeari uko egin zion, emakumea den bezala aldarrikatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.