Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren ikerketa baten arabera, Iranek uranioa aberasten jarraitzen du. Nazio Batuen Erakundeak debekatu egin dio Teherango gobernuari halakorik egitea, arma nuklearrak garatzeko erabil dezakeelakoan. IAEAk ez du uste Iranek bonba atomikoa lortu duenik, baina hori hala dela egiaztatzeko trabak dituela ziurtatu du.
Berri agentzia batzuek zabaldutako IAEAren azken txostenak dioenez, azaroaz geroztik, 500 kilo uranio aberastu dituzte Irango zientzialari nuklearrek. Hortaz, gaur egun, Iranek gutxi aberastutako 3.606 kilo uranio ditu —%5eko garbitasuna baino gutxiagokoa—, eta 43,6 kilo kalitate handiagokoa —%20 arteko garbitasunarekin—. Irango programa nuklearreko arduradunek IAEAri esan diotenez, azken uranio hori osasun kontuetarako erabili nahi dute. Zehazki, minbiziaren aurkako borrokarentzat, isotopoak egin beharko lituzkeen erreaktore bat hornitzeko.
Kontua da uranio aberastua asmo zibiletarako ez ezik, asmo militarretarako ere balia daitekeela, misil nuklearrak egiteko, hain zuzen ere. Bonba atomikoa egiteko %90eko garbitasuna izan behar du uranioak, eta, hortaz, Iran kopuru hori lortzetik oso urrun dago. Baina adituek uste dute uranioa aberasteko teknikak hobetzen ari direla zientzialari iraniarrak eta prozesua bizkortzea lor dezaketela horrela.
Mendebaldeko potentziek bultzatuta, NBEko Segurtasun Kontseiluak debekatu egin dio Irani arma nuklearrak izatea edo hori lortu ahal izateko uranioa aberastea.
Teherango agintariek behin eta berriz ukatu dute bonba atomikoaren atzetik dabiltzala. «Printzipio gisa, arma nuklearrak arbuiatzen ditugu», esan du Ali Khamenei Irango lider gorenak. «Arma nuklearrak gizateriaren aurkako tresnak dira», esan zuen iaz Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak, NBEren egoitzan bertan.
Bermerik ez
Baina, aldi berean, Teheranek uste du NBEren ebazpena politikoki bultzatutakoa dela eta eskubide osoa duela energia nuklearra garatzeko, «helburu baketsuekin». Horregatik, NBEk eta IAEAk agindu diotenaren aurka, bere programa nuklearrari buruzko informaziorik ez du eman 2008az geroztik, eta horregatik ezin dute bermatu Iran ez aritzea sekretuki teknologia garatzen egunen batean arma nuklearrak izateko. «IAEA kezkatuta dago balitekelako lehen edo orain jarduera nuklear ezkutua izatea eta horietan erakunde militarrek parte hartzea»,dio atzo jakinarazitako txostenak.
Efe agentziak aipatutako iturri diplomatikoek diotenez, azaroan programa nuklearra geratu behar izan zuen Iranek, arrazoi teknikoengatik. Iturri batzuen arabera, birus informatiko batek uranioa aberasteko behar diren makina zentrifugatzaileei eraso egin zien, eta makina berriak lortu behar izan ditu. Azken datuek erakutsiko lukete arazo teknikoak gainditu dituela.
Nazio Batuen debekuari muzin eginda, uranioa aberasten ari da Iran
Teheranek laguntzen ez dionez, IAEA kexu da ezin duela egiaztatu programa nuklearra erabat zibila denik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu