Palestinarrek hilabeteak daramatzate Nazio Batuen Erakundean aulki bat lortzeko lan diplomatiko isilean, baina ofizialki atzo hasi zuten kanpaina, NBEko Batzar Nagusiak Palestina estatu independentea aldarrika dezan. Palestinako Aginte Nazionalak gutun bat bidali dio Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak Ramalan duen bulegora (Zisjordania).
Nazioarteko babesa lortzeko, irailaren 21a bitartean ekitaldi eta martxa baketsuak egingo dituztela iragarri diote Bani gutunean. Izan ere, egun horretan hasiko dute New Yorken NBEren Batzar Nagusiaren saioa. Aurreikuspenen arabera, Mahmud Abbas PANeko presidenteak hilaren 23an egingo du agerraldia osoko bilkuran. Hala ere, oraindik ez dago argi zein egunetan egingo duten palestinarren estatusaren gaineko bozketa.
Orain arteko lan diplomatikoak eman ditu fruituak, eta 140 herrialdek palestinarren aldeko botoa emango dutela baieztatu du aste honetan Nabil Shaat-ek, Al Fata alderdiko atzerri harremanetarako arduradunak. Ekimena aurrera ateratzeko Batzar Nagusiaren bi herenen babesa beharko da. Guztira 192 herrialde daude; hortaz, 129ren babesarekin nahiko izango da. Hala ere, estatu palestinarraren aitortza ez da bide erraza izango. Bozketa egin ahal izateko, Segurtasun Kontseiluan gutxienez bederatzi estaturen babesa jaso behar luke proposamenak, inork betoa jarri barik —hamabost herrialdek osatzen dute Segurtasun Kontseilua, eta AEBek, Erresuma Batuak,Frantziak, Txinak eta Errusiak beto eskubide dute—.
AEBen porrota, oraingoz
Zailtasunak zailtasun, ordea, atzera bueltarik gabeko bidea hartu dute palestinarrek. AEBetako makineria diplomatikoa azken unera arte ahalegindu da palestinarrei NBErako bidea oztopatzen, atzera egin zezaten konbentzitzen. David Hale Ekialde Hurbileko bake prozesurako AEBetako mandatari berezia Abbasekin bildu zen asteazkenean Ramalan. Alabaina, orain arte porrot egin du Washingtonen eginahalak. «NBEn eskaria egiteak ez doa bake prozesu bat hastearen kontra. Aitzitik, Israelen intrantsigentziak eraman gaituen irteerarik gabeko egoeratik ateratzen lagunduko digu», erantzun dio Abbasek Haleri.
Israelekin negoziatzen hasteko prest daudela ere gaineratu du Abbasek; horretarako, ordea, gatazkaren aterabide gisa 1967ko mugen barruko bi estatuak onartu eta Lurralde Okupatuetako kolonien programa eten beharko luke Tel Avivek.
AEBek gogor eusten diote beren erabakiari, eta beren botoa ezezkoa izango dela berretsi diete palestinarrei. Baieztapen hori ez da nahikoa errepublikanoentzat, eta Ileana Ros Lehtinen AEBetako Parlamentuko Atzerri Gaietarako presidenteak argiago hitz egiteko eskatu dio Etxe Zuriari. «Barack Obamak argi eta garbi esan behar luke ekimen horri betoa jarriko diogula».
PANek badaki AEBek seguruena betoa jarriko dutela, baina, betoa izanda ere, proposamena Batzar Nagusian aurkeztuko dutela aurreratu dute. Kasu horretan «kide ez den estatu gisa» aitortzea eskatuko luke —Vatikanoak duen estatus bera—, eta bozketan 129 estaturen babesa beharko luke.
Hagaren mamua
NBEn zer gertatuko den argitu bitartean, estatu palestinar independentearen aitortzak ekarko lituzkeen ondorioak aztertzen ari dira bi aldeak. Lurralde Okupatuetan izandako kolonia politika dela eta, Israelgo politikari eta militarrak Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegira deitu ahal izango lituzkete, hainbat adituren arabera.
Herrialde okupatzailetik Lurralde Okupatuetara pertsonak bidaltzea gerra krimentzat jotzen du Hagako jurisdikzioak. «Hagakoa jurisdikzioa osagarria da, eta Israelek krimenok ikertzen baditu, ez du esku hartuko. Israelek ezer egiten ez badu, ordea, bere gain har dezake kasua», Robbie Sabel nazioarteko zuzenbidean adituak eta Israelgo Atzerri Ministerioaren aholkularia izandakoak azaldu duenez.
Nazio Batuen Erakundean aulkia lortzeko kanpaina ofiziala hasi du PANek
Mahmud Abbas hilaren 23an joango da NBEra, eta, bitartean, ekitaldi eta martxa baketsuak egingo dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu