Kosovok ofizialki erabateko burujabetza politikoa eskuratu zuen atzo, Mendebaldeko 25 herrialdek osatutako elkarteak zituen eskumenak bertan behera gelditu ondoren. Independentziarako Ahtisaari Plana denaren ezarpena bideratzea izan da ISG Nazioarteko Gainbegiraketa Taldearen betebeharra, eta Kosovoko erabakietan esku hartzeko eskumena zuen, konstituzioan bertan hala ezarrita. Horregatik, iragan ortziralean parlamentuak emendakin batzuk onartu zituen ISGren eskumenak bukatzeko. Hala ere, NATOren misioak —KFORek— eta EB Europako Batasunekoak —Eulexek— Kosovon jarraituko dute orain arteko eginkizun berarekin.
Kosovoko Gobernuak erran du egun historikoa izan zela atzokoa. Hashim Thaci lehen ministroak eta Pieter Feith ISGko arduradunak elkarrekin agerraldia egin ondotik, parlamentuan ekitaldi politikoa egin zuten. Kosovoko agintariekin batera han izan ziren Martti Ahtisaari NBE Nazio Batuen Erakundeko bitartekaria —haren izena darama independentziarako planak— eta AEBetako eta EBko hainbat ordezkari. Pristina hiriburuaren erdigunean, berriz, kontzertuak antolatu zituzten.
Nazioartea, banatuta
ISGren eskumenen artean zeuden, bertzeak bertze, parlamentuak onartutako legeak ezeztatzeko ahalmena, eta funtzionarioak kaleratzekoa ere. Serbiaren aurkako gerran (1998-1999)NATOk Kosovoko indarren alde esku hartu eta Serbiako armada eta Polizia bidali zituzten. Nazioartearen kudeaketapean gelditu zen ordura arte Serbiako probintzia zena, 2008an independentzia aldarrikatu zuen arte.
Nazioartean oraindik banaketa nabarmena eragiten du Kosovoren independentziak —93 herrialdek onartu dute—. EBren barruan adibidez, 27 kideetatik soilik Espainiak, Greziak, Ziprek, Eslovakiak eta Errumaniak ez dute onartu. Espainia beldur da Kosovok Euskal Herriarentzat eta Kataluniarentzat aurrekaria ezarri ote duen.
Nazioarteak Kosovoren esku utzi du erabateko burujabetza
Mendebaldeko 25 herrialdek osatutako taldeak jada ez du esku hartzeko ahalmenik izanen herrialdean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu