Protestak herrialde arabiarretan

Nazioartean gero eta estutuago dago Gaddafiren erregimena

«Berehalako» esku hartze militarra baztertu duen arren, «erantzun posible guztiak» aztertzen ari da WashingtonEuropako Batasunak Libiara armak esportatzeko bahimendua jarri du indarrean

mikel rodriguez
2011ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Muammar Gaddafiren erregimena gero eta estutuago dago bai Libian bertan, bai nazioartean ere. Erregimena Tripolin gotortuta dago, baina oposizioak hiriburuaren inguruko eremu batzuk eskuratu ditu. Nazioartean, erregimenaren isolamendua erabatekoa da. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Hillary Clintonek jakinarazi du Gaddafiren erregimenari emateko «erantzun posible guztiak» aztertzen ari direla. «Joateko garaia du», adierazi du Clintonek Gaddafiri buruz. EB Europako Batasunak, berriz, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren bide beretik, zigorrak ezarri dizkio erregimenari.

«Manifestarien aurkako bonbardaketak, beren herriari tiro egitera uko egiteagatik hil dituzten soldaduak, mertzenarioen erabilera, torturak… Gaddafik eta bere ingurukoek agintean jarraitzeko zilegitasuna galdu dute», adierazi du Clintonek NBEren Giza Eskubideen Batzordean, Genevan (Suitza). Erregimenaren aurkako neurri gehiago adosteko asmoz elkartu da batzordea. Clintonen ustez, Gaddafi eta haren ingurukoak errepresioagatik «erantzule» egin behar dira, nazioarteko legearen «betebeharrak» eta «oinarrizko zuzentasuna» urratu dituelakoan.

Esku hartze militarraren aukerari buruz aritzerakoan, diskurtso anbiguoarekin jarraitzen du Washingtonek. Clintonek herenegun jakinarazi zuen Gaddafiren oposizioko indarrei «edozein eratako laguntza» emanen dietela AEBek. «Berehalako» esku hartze militarrik ez dutela planteatu zehaztu zuen atzo. Pentagonoko bozeramaile David Lapan koronelak, baina, iragarri du Mediterraneoko eta Afrika iparraldeko itsas eta aire indarren kokapena «egokitzen» ari dela armada. Hala ere, mugimendu militar horiek «giza laguntzarako» operazioetarako prest egoteko direla erran du Clintonek.

AEBetako presidente Barack Obama eta NBEko idazkari nagusi Ban Ki-Moon Etxe Zurian elkartzekoak ziren atzo, Libiaren egoerari buruz mintzatzeko. Bileraren aitzinetik, Etxe Zuriko bozeramaile Jay Carneyk berretsi zuen «Libiara aldaketa ekarri dezaketenekin» harremanetan dela Washington. Agintean nor jarri «libiarren esku» dagoen auzia dela adierazi zuen. Gaddafiren «aukeretako bat», berriz, erbestea dela iragarri du Carneyk.

Aire eremua ixteko neurria

Bai Clintonek, bai Carneyk jakinarazi dute Washington planteatzen ari dela Libiako aire eremua ixtea. NATOk eta EBk, ordea, neurri hori ez ezartzea erabaki dute. Hala ere, Bruselak NBEko Segurtasun Kontseiluak ezarritako zigor neurrien eredua jarraitu du. Tripoliko erregimenari armen esportaziorako bahimendua ezarri dio, Gaddafik eta haren ingurukoek EBko lurraldean dituzten ondasunak blokeatu ditu eta batasuneko 27 herrialdeetan sartzeko bisa ukatu die. EBren Hungariako presidentetzak jakinarazi duenez, neurri horiek Segurtasun Kontseiluak hartutakoak baino «zabalagoak» dira, bertzeak bertze, EBren armen bahimendua istiluen aurkako materialei ere dagokielako, eta Gaddafiren ingurukoen zerrendan jende gehiago sartu duelako.

Europako Batzordeak, berriz, adierazi du Libiako petrolio eta gas ustiapena «aurki» hasiko dela berriz ere martxan. Batzordearen ustez petrolio gune gehienak Gaddafiren kontroletik at daude.

Nazioartearen neurriak protestak hasi eta ia bi astera iritsi dira. Erregimena, ordea, kinka larrian utzia du dagoeneko erreboltak. Al Jazeeraren arabera, Gaddafi negoziatzeko ahaleginean ari da berriz ere. Atzerriko zerbitzu sekretuen buru Buzid Durdari agindu dio Gaddafik ekialdeko oposizioko buruekin harremanetan jartzeko, kateak dioenez. Iturri berberaren arabera, tribuetako buruzagiekin harremanetan jarri nahi du erregimenak, baina horiek ez dute negoziatu nahi.

Erregimena Tripolin gotortuta dago, baina handik kanpo ere erasora jo du. Adibidez, oposizioak hartutako Misrata hiria inguratu du Gaddafiren semeetako batek zuzendutako batailoiak, Al Jazeerak jakinarazi duenez. Oposizioko iturriek diote Gaddafiren indarren bi helikoptero bota dituztela hiri horretan. Ekialdeko Edjibija eskualdean, berriz, Bengazitik 200 kilometrora, erregimenaren hegazkin batek arma biltegi bat bonbardatu du, Al Jazeerak dioenez. Tunisiara ailegatutako errefuxiatuen arabera, berriz, mugatik hurbil dauden hiririk garrantzitsuenak, Az Zauija eta Zuuara, oposizioaren esku daude, baina errepideak Gaddafiren indarrek kontrolatzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.