Protestak herrialde arabiarretan

Nazioartearen ebazpenari su-eten iragarpenarekin erantzun dio Libiak

Menia aldarrikatu arren, erasoak izan dira; Misratan 25 lagun hil dira bonbardaketetan, eta Ajdabija hartzeko borrokak izan diraAEBek, Erresuma Batuak, Frantziak eta herrialde arabiarrek ultimatuma eman dute

mikel rodriguez
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Libiako erregimenak «berehalako» su-etena iragarri du, eta operazio militar guziak bertan behera utzi dituela dio, «zibilak babesteko». NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren ebazpenari emandako erantzuna da hori. Hala ere, Misratan eta Ajdabijan erasoen berri eman zuten nazioarteko hedabideek atzo. Menia jakinarazi aitzinetik, Muammar Gaddafik berak mehatxu egin zuen Libiari eraso egiten diotenengan «infernua askatuko» duela erranez.

«Ebazpena aztertu ondoren, eta Libia NBEko kidea dela kontuan hartuta, Segurtasun Kontseiluaren erabakia onartzea beharrezkoa dela ontzat hartu dugu», adierazi du Libiako Atzerri ministro Musa Kusak. Ebazpenak Libiaren aurkako operazio militarrak baimentzen dituelako «triste» agertu da, batez ere, aire eremua debekatzeko neurriarekin. «Libiarren sufrimendua areagotuko du, eta haien bizitzan eragin kaltegarria izanen du». Atzerri ministroaren iritziz, esku hartzeko erabakia NBEren Itunaren «aurkakoa» eta Libiako subiranotasun nazionalaren «bortxaketa» da. Elkarlanerako deia ere egin du Kusak. Alde batetik, gobernu «guztiei» eta gobernuz kanpoko erakundeei eskatu die Libiako gertakariak «bertatik bertara» ikusteko ikerketa misioak bidaltzeko, gero «erabaki aproposa» har dezaten. Bertzalde, erran du prest daudela «Libiako batasun nazionalean interesa duen edonorekin» elkarrizketan hasteko.

Gaddafik berak ere adierazi du «beharrezkoa» bada, «terroristekin» solas egiteko prest dagoela, eta armak uzten dituztenak barkatuko dituela zin egin du.

Mediterraneoa, «suntsituta»

Kusak ez bezala, NBEko Segurtasun Kontseiluaren ebazpena ez duela onartzen argi utzi du Gaddafik, «bi herrialderen arteko gerrarik» ez dagoenez, «justifikaziorik» ez duelako. «Gu okupatzera, inbaditzera eta kolonizatzera heldu dira». Erasoa jasoz gero, «borrokarako» prest dagoela ohartarazi du. «Mediterraneo ingurua suntsituta geldituko litzateke, ez legoke ez aireko, ez itsasoko trafiko segururik». Libiako Defentsa Ministerioak berretsi du Mediterraneoko helburu militar eta zibilak izanen liratekeela «Libiaren kontraerasoaren helburu».

Gaddafik adierazpenak egin eta ordu batzuetara iragarri du Kusak su-etena, baina erasoek jarraitu egin dute, nazioarteko hedabideen arabera. Misratan, adibidez, 25 lagun hil dituzte bonbardaketetan —horien artean haurrak—, France Pressek jakinarazi duenez. Hiri horretako oposizioaren bozeramaile Tarek Ali Ejauik adierazi du su-etena ez dela bete. «Bonbardaketak egin dituzte eta jendea hil dute». Erregimeneko bozeramaile Musa Ibrahimek dio, ordea, su-etena iragarri aitzinetik egin dituztela Misrataren aurkako bonbardaketak. Misrata Libiako hirugarren hiria da (Tripolitik 200 kilometro ekialdera dago), eta mendebaldean oposizioaren esku dagoen bakarra da. Gaddafiren indarrek aspaldian setiatuta dute, eta azken egunetan gogor egin diote eraso, hura berreskuratzeko.

Erasoen berri ez dute bakarrik hiri horretatik eman. Herrialdearen ekialdean ere, Ajdabijan (Bengazitik 160 kilometro hegoaldera), borroka gogorrak izan dira Al Jazeerak dioenez. Hirian dagoen kazetari batek kate horri adierazi dio hildakoak eta zaurituak «alde guztietan» daudela. Tunisiako mugatik 60 kilometrora, Naluten, berri agentziek jakinarazi dute milizianoek Gaddafiren indarrei eraso egin dietela. Lau soldadu eta miliziano bat hil dira iturri horren arabera.

Hiru eskakizun erregimenari

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Barack Obamak su-etena «berehala» indarrean jartzeko eta NBEren ebazpena betetzeko exijitu dio Gaddafiri. «Geldiarazten ez badugu, Gaddafik sarraskiak egiten jarraituko duela pentsatzeko arrazoiak ditugu». Libiako aire eremua debekatzerako orduan, AEBak «nazioarteko koalizio baten partaide» gisa jokatuko dutela zehaztu du Obamak. AEBek, Erresuma Batuarekin, Frantziarekin eta «herrialde arabiarrekin» batera, hiru eskakizuneko ultimatuma egin diote Gaddafiri: «herritarren» aurkako erasoak eteteko, oposizioaren esku zeuden hirietatik tropak ateratzeko eta giza laguntzaren banaketa onartzeko. Baldintza horiek ez dira «negoziagarriak».

Libiako erregimenaren aurkako esku hartzearen sustatzaile nagusienetakoak, Frantziak, su-etenaren aldarrikapenarekin «zuhur» jokatu behar dela adierazi du. «Erregimena beldurtu egin da, eta diskurtsoa aldatzen hasi da, baina bere herritarrekiko mehatxua ez da aldatu». Errusiak, berriz, ongi hartu du erregimenak iragarritako menia, baina «hitz hutsetan» ez gelditzeko ohartarazi dio. Txinarekin batera, lurreko esku hartzearen aurka agertu da Mosku. NBEren ebazpenak aire erasoak onartu arren, espresuki debekatzen ditu lurreko operazioak. Horrek Moskuk eta Pekinek betoa ez erabiltzea ahalbidetu du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.