Nazioartearen presioari kasurik egin gabe, beste hiri bat hartu du Siriako armadak

Urte amaierarako hauteskundeak iragarri, eta Defentsa ministro berria izendatu dute, oposizioa baretu nahian

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Bashar al Assaden erregimenak Maret Noman hiria hartu du, iparraldean. Oposizioaren arabera, blindatutako tankeekin eta artilleria astuna erabiliz sartu zen armada atzo goizaldean, eta etxeak miatzen eta jendea atxilotzen ari dira. Dena den, horrek ez du eragotzi Maret Nomaneko herritarrak kalera ateratzea erregimenaren amaiera aldarrikatzeko.

Deir el Zur eta Haula hiriek ere setiaturik jarraitzen dute. Herenegun sartu zen armada hiri horietara; ordutik, Deir el Zurren 41 lagun hil dituzte gutxienez, eta Haulan, berriz, hemeretzi inguru. Argindarra, ura eta komunikazioa moztu dizkiete, eta, oposizioaren arabera, herritarrak atxilotzen ari dira.

Haman, aurreko astean erregimenaren errepresio gogorra jasan zuen hirian, elektrizitaterik gabe daude oraindik. Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez, zailtasunak eragin ditu Hamako ospitalean dauden zaurituak artatzeko.

Jazarpenak etenik ez duela ikusita, nazioarteak presioa egiten jarraitzen du. EB Europako Batasunak «onartezina» iritzi dio Siriako egoerari, eta zigorrak ezartzeko prest agertu da. Arabiar Ligak ere gaitzespena erakutsi dio Al Assadi, eta jazarpena amaitzeko eskatu dio. Saudi Arabiak, berriz, Damaskon zuen enbaxadorea erretiratu du. Jordaniak «oso kezkaturik» dagoela adierazi du, baina argi utzi du ez dutela «Siriako barne arazoetan esku hartu nahi».

Hauteskundeak, aurten

Ualid al Moalen Siriako Atzerri ministroak iragarri duenez, urte amaierarako Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte. Hauteskunde «libre eta justuak» izango dira, Al Moalenen hitzetan, alderdien legeak «pluraltasuna bermatuko duelako». Dena den, ez dirudi Siriako herritarrak alderdien legearekin asko fidatzen direnik, ezta urte amaierako hauteskundeekin ere. Horrez gain, herritarrak baretu nahian edo, Al Assadek Defentsa ministro berria izendatu du. Abdala Raga jeneralak izango du hemendik aurrera kargu hori.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.