Kolonbiako bake prozesua

Nazioarteko Zigor Auzitegiak dio bakeak eta justiziak elkar elikatzen dutela

Babesa agertu dio Kolonbiako bake prozesuari otsailean Kolonbian izan zen ordezkaritzak.

Madrilen da Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea, Bakearen Aldeko Foroan. SERGIO BARRENECHEA / EFE
jon ordonez garmendia
2015eko martxoaren 2a
15:34
Entzun

Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzak babesa adierazi dio Kolonbiako bake prozesuari. Herrialde horren egoera jasotzeko han izan ziren ordezkari batzuk otsailaren 1etik 13ra, eta Fatou Bensouda fiskalak babesan eman die "gatazka armatua amaitzeko" egiten ari diren ahaleginei. Nabarmendu du, gainera, Erromako Estatutuarekin bat datozela ahalegin horiek. "Bakea, egonkortasuna eta segurtasun jasagarria bermatzeko Justiziak duen funtzio integralarekiko nazioarteko komunitatearen kontsentsua islatzen du Erromaktuo Estatutuak. Bakea eta justizia elkar elikatzen dira".

Kolonbian hainbat lagunekin bildu da Nazioarteko Zigor Auzitegiko ordezkaritza: Gobernuko eta justizia administrazioko goi mailako funtzionarioekin, Kolonbiako eta nazioarteko hainbat eragileekin, eta hainbat politikarirekin. Hagako auzitegiak gizateriaren kontrako krimenak, genozidioak eta gerra krimenak ikertzen ditu, eta Kolonbiaren kasuan zehazki krimen sexualen, positibo faltsuen (militarrek herritar arruntak hil zituzten eta FARCekin lotu, merituak irabazteko) eta behartutako desplazamentuen ikerketan zenbat aurreratu den neurtzen ari da. Krimen horien arduradun nagusiei ardura eskatzen ari ote zaien jakitea du helburu.

Kolonbiako bake negoziazioak 2012ko azaroan hasi ziren Habanan. Gaur jakin denez, Juan Manuel Santos presidenteak gaur iragarri du armadako sei buru Kubara joango direla FARCen ordezkaritzarekin su etena adostera: "Ez da horretarako inor egokiagorik". Madrilen dago Santos, Bakearen Aldeko Foroan, eta han esan du prozesua une zailenean sartzear dela: justiziarena. Kolonbian azken bost hamarkadetan 220.000 lagun hil dira gatazkan, eta sei milioik baino gehiagok utzi behar izan dute euren etxea. Foro hori Telefonica telekomunikacio konpainiak, Avianca hegazkin konpainiak, Ferrovial azpiegitura enpresak, Barranquillako alkatetzak, El País egunkariak eta Kolonbiako Buen Gobierno Fundazioak antolatu dute.

"Justizia ez da kartzela"

"Gizateriaren kontrako krimenak ikertzera behartuta gaude", adierazi du Cesar Gaviria presidente ohiak, baina gaineratu du Nazioarteko Zigor Auzitegia ezin dela izan bakea lortzeko oztopo bat: "Justizia trantsizionalaren bere eredua ezarriko du Kolonbiak. Justizia trantsizionalaren alde agertu da, baina ez soilik gerrillarientzako, baita soldadu eta enpresaburuentzat ere. Oscar Naranjo Presidentetza ministroa ere zentzu horretan mintzatu da: "Justizia eta kartzela gauza bera direlako ustearekin hautsi behar da". Justizia trantsizionala ez dela inpunitatea azaldu du: "gehiago da, egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko eskubidea bilatzen ditu"; gaineratu duenez, horien arteko orekak elkarbizitza errazten du.

Jonathan Powell ere Madrilen dago, eta lidergo baten garrantziaz azpimarratu du, "jendearen gustokoak ez diren neurriak hartzeko". Bake sinatu ostean hartutako neurriak betetzeak ere garrantzia itzela duela esan du konfiantzat sortzeko: "Hor amaitzen da gatazka. Nazioarteko babesa desarmerako da beharrezkoa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.