NBE demokratizatzeko eskatu dute garapen bidean dauden herrialdeek

Erakundearen egitura erreformatzeko eskatu dute, denen mesedetan, orain gutxi batzuen interesak babesten dituelako. Barack Obamak eta Ban Ki-moonek Ahmadinejaden hitzaldia gaitzetsi dute

2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundeko egitura krisian dago. Gutxi batzuek besterik ez dute agintzen bertan. Eta ez da erakundeari halakoak leporatzen dizkioten lehendabiziko aldia, baina erabaki guneetatik kanpo utziagatik ekonomia indartsu bihurtu direnen ahotsa gero eta ozenago entzun, zailagoa dirudi NBEren egiturari bere horretan eustea. Izan ere, Batzar Nagusiko 65. ekitaldiaren hasieran erreformak aldarrikatuz, batera agertu dira garatzeko bidean dauden herrialdeak. Argentinako presidente Cristina Fernandezek ere horixe bera eskatu zuen atzo mintzalekutik: Nazio Batuen Erakundea demokratizatzeko, hain zuzen.

Evo Morales Boliviako presidenteak ere uste du sakoneko erreformak egin behar direla eta kide diren guztiei erabakietan parte hartzeko aukera eman behar zaiela.

Segurtasun Kontseiluaren funtzionamenduaz da kexu nagusiki Morales: «Segurtasun Kontseilua desegin beharko genukeela uste dut, segurtasun falta eragiten duen kontseilua baita». Presidentearen hitzetan, nazioartearen interesak baino gehiago AEBenak defendatzen ditu. Washington Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorren artean dago, Erresuma Batuarekin, Frantziarekin, Errusiarekin eta Txinarekin batera. Bost herrialde horiek beto eskubidea mantentzen dute, II. Mundu Gerran garaile irten zirelako. Ordutik gauza asko aldatu direlako, baina, NBEren egiturak gaur egun bestelakoa izan beharko lukeela uste dute garatzeko bidean dauden herrialdeek.

Herenegun hasi zuen NBEko Batzar Nagusiak ekitaldi berria. 192 herrialdetako gobernuburu, estatuburu eta ordezkari bildu ditu 65.ak; haiek denek izan dute mintzalekutik pasatzeko aukera.

Hitzaldi polemikoa

Mahmud Ahmadinejaden agerraldiak eragin du polemika gehien. Irango presidentea Korana eta Biblia zituela agertu zen herenegun Batzar Nagusiko mintzalekuan. Handik, Washingtongo gobernuari irailaren 11ko atentatuen erantzule izatea egotzi zion. «Bada teoria bat dioenaAEBetako Gobernuko hainbat sektorek antolatu zutela erasoa. Herrialdeko ekonomiaren gainbeherari egin nahi zioten aurre; baita Ekialde Hurbilean presioa areagotuz erregimen sionistari indarra eman ere», adierazi zuen Ahmadinejadek.

Hark hitza hartu bezain laster AEBetako eta Europako ordezkariek Batzar Nagusiko areto nagusia utzi zuten. Atzo, berriz, gogor kritikatu zituzten Irango presidentearen adierazpenak. Barack Obama presidente estatubatuarrarentzat, besteak beste, «iraingarriak» eta «gorrotoz beteak» izan ziren. Halaber, zero gunetik oso gertu egin zituelako, haren hitzak bereziki larriak eta barkaezinak iruditu zitzaizkion. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak ere gaitzetsi egin zituen Ahmadinejaden ahotik entzundakoak: «Gogor gaitzetsi nahi dut ordezkaritza batek irailaren 11ko egiletza zalantzan jarri izana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.