NBEk bake elkarrizketak hasteko itun bat eskatu die Israeli eta PANi

Israelgo armadak bi telebista kate palestinar itxi ditu Zisjordanian; «interferentziak» aipatu ditu arrazoitzat

Erredakzioa
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Bakerako elkarrizketak abiatzeko oinarrizko itun bat egiteko eskatu die B. Lynn Pascoe NBE Nazio Batuen Erakundeko Politika Gaietarako idazkariordeak Israeli eta palestinarrei. NBEren Segurtasun Kontseiluaren aurreko agerraldian egin ditu adierazpenok Pascoek. Amango urtarrileko elkarrizketen ostean prozesua ez aurrera ez atzera geratu dela ohartarazi du, eta horrek zaildu egiten duela berriz ere elkarrizketak abiatzea. Pascoek uste du bi aldeek Ekialde Hurbilerako Laukotearen proposamenari jarraitzen badiote errazagoa izango dela elkarrizketei ekitea.

Haren ustez, bake prozesua berriz abiatzeak Gazan eta Zisjordanian egoera hobetuko luke,«azkenaldian arriskutsu bihurtu baita». Israelen okupazio politika «eutsiezintzat» jo du Pascoek, eta hura da harentzat egoera gaiztotzearen erantzule.

Israelen erasoak

Izan ere, Israelek okupatutako lurralde palestinarretan ez du etenik errepresioak. Israelgo armadak Palestinako bi telebista itxi zituen atzo Ramallahen, Zisjordanian. Watan kate pribatua eta Al Quds izen bereko unibertsitatearen katea itxi dituzte goizaldean egindako operazio polizialean. Sarekadan gailu informatikoak atzeman dituzte militarrek, eta telebista kateetako arduradunak ere atxilotuta eduki dituzte zenbait orduz.

Israelgo Komunikazio Ministerioaren arabera, kate palestinarren emisioek «interferentziak» sortzen zituzten Israelgo irrati eta telebista uhinetan, «eta horrek egun batean Ben Gurion aireportuan hegazkin bat jaustea eragin zezakeen». PANeko Komunikazio ministro Manxur Abu Daqak gaitzetsi egin ditu «Israelen erasoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.