Azken hamabi urteotan Kongoko Errepublika Demokratikoan 200.000 emakume inguru bortxatu dituzte. Guzti horiek kalte ordaina jaso beharko luketela ebatzi du NBE Nazio Batuen Erakundeak sexu erasoen biktimen beharrak ikertzeko eratu duen batzorde bereziak. Era berean, esperientzia traumatiko hori gainditzeko, biktimek laguntza jaso beharko luketela azaldu du; osasun laguntza, zein laguntza psikologikoa.
NBEko adituek bortxaketekin emakumezkoen bizitzak suntsitzen dituztela diote. Izan ere, erasoaren ostean sufrimendua ez da amaitzen; familian eta gizartean estigmatizazioa pairatzen dute, bi aldiz biktima bilakatuz. Emakume askori HIES-a kutsatu diete eta, beste asko, haurdun utzi dituzte erasotzaileek. Gizonezko askok euren emazteak bazter utzi dituzte, bortxatuak izan direla jakin ostean. Horrez gain, adin txikiko ugari dira 200.000 kaltetu horien artean. Bortxaketak jasan dituzten emakumezkoak baztertuta bizi dira.
Kongon herritarrak izutzeko tresna gisa baliatu izan dituzte bortxaketak; gerrarako arma gisa. Militarrek eta matxino taldeek «bortxaketa sistematikoak» egin dituzte azken urteotan zibilak izutzeko. Baina, hainbat kasutan zibilak ere izan dira eraso horien erantzule.
Zigorgabetasuna nagusi
2010eko urria eta iraila bitartean burutu zuen ikerketa NBEk. Adin guztietako biktimekin bildu ostean kalte ordain bat ematea beharrezkoa dela erabaki du erakundeak. Horretarako funts bat eratzea lehentasunezko erabakia dela azpimarratu du. Herrialdeko buruzagitzaren ordezkariek, NBEk, gizarte zibilak eta biktimek kudeatu beharko lukete funts hori.
Emakumezko gutxik salatu dituzte euren erasotzaileak. Errudun sentitzen baitira asko eta jazotakoa isilean gordetzea nahiago izaten dute, bazterketa soziala ekiditeko. Asko dira euren senarrek eta senitartekoek bortxatuak izan direla jakitea nahi ez duten biktimak. Horrez gain, eraso ugari gauez egin izan dituztenez biktima askok ezin izan dituzte euren erasotzaileak identifikatu.
Horrek guztiak erasotzaile gehienek zigorrik jaso ez izana eragin du. NBEk aurretik ere bortxaketa masiboen aurkako neurriak hartzeko exijitu zion herrialdeko buruzagitzari eta erantzuleak zigortzeko eskatu. Orain arte, baina, sexu bortizkeriak ez du etenik. Azken txostenaren harira ere, epaitutako kasuetan epaileek erabakitako kalte ordainak ordaintzeko neurriak hartzeko eskatu du.
Herrialdean bakea ezartzea eta segurtasuna berrezartzea oinarrizko baldintzatzat jo ditu NBEk sexu indarkeriarekin amaitzeko.
NBEk bortxatutako emakumeei laguntzeko eskatu dio Kongori
Herrialdeak azken hamabi urtetan bizi izan duen gatazkan 200.000 emakumezko inguru bortxatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu