NBEk dio zortzi irakiarretik batek etxetik ihes egin behar izan duela

Bagdaden borroka latzak izan dira eta AEBetako armadak eremu oso bat bonbardatu du; 50 hildako eragin dituzte

2007ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Zortzi irakiarretik batek etxea utzi behar izan du, AEBen armadak eta haien aliatuek 2003ko martxoan hasitako inbasio eta okupazioaren ondoren indarkeria areagotu dela eta. Populazioaren %12 dago egoera horretan, UNHCR NBEren Errefuxiatuentzako Goi Batzordeak atzo jakinarazi zuenez. Indarkeriak hilean 50.000 pertsona hanka egitera behartzen du, dela Irakeko beste leku batzuetara, dela atzerrira. UNHCRri jarraiki, 1948tik izandako epe luzeko jende mugimendu beharturik handiena da Iraken gertatzen ari dena. Urte hartan, NBEren zatiketa planari esker, Israelgo Estatua sortu zuten, eta, horrek eginiko eraso zein mehatxuen ondorioz, 800.000 palestinar inguruk etxetik alde egin behar izanarekin alderatu du irakiarren ihesaldia.

UNHCRk 45 milioi euroko diru laguntza eskatu dio nazioarteari, errefuxiatu zein desplazatu irakiarrei laguntzeko. «Gatazka zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta zailagoa izango da [egoera] desplazatutako ehunka mila pertsonentzat», nabarmendu du UNHCRko buru Antonio Guterresek. Erakundeak dio AEBen inbasioaren ondotik zabaldutako indarkeria ez dela ihesaren eragile bakarra. Izan ere, Saddam Hussein presidente zen garaian ere irakiar askok hanka egin zutela azaltzen du.

NBEren erakundeari jarraiki, 2.000.000 inguru irakiar erbesteratuta bizi dira, nagusiki Siria, Jordania, Egipto eta Libanon. Halaber, 1.700.000 irakiar barne desplazatuak dira.

Egoerak ez du hobetzeko zantzurik; aitzitik, UNHCRk ohartarazi du 2007ko bukaerarako 2.700.000 irakiar izan daitezkeela barne desplazatuak. «Iraken, gelditzen ez den indarkeriak barne zein kanporako desplazamendu handiak eragingo dituela dirudi», azaldu du Guterresek.

UNHCRren kalkuluen arabera, 1.000.000 irakiar bizi dira Sirian erbesteratuta, 700.000 bat Jordanian, 20.000 eta 80.000 artean Egipton eta 40.000 bat Libanon. Errefuxiatu horietako asko pobrezia handian bizi dira, eta erakundeak ohartarazi du emakumezko errefuxiatu asko prostituzioan sartu direla, biziraun ahal izateko.

Errefuxiatuentzako nazioarteko diru laguntza galdegiteaz gain, Iraken auzoko herrialdeei beren mugak irekita edukitzeko eskatu die UNHCRk.

Gainera, NBEren agentziak ezagutarazi du 2006an bikoiztu egin zela irakiarrek Europan eginiko asilo eskaerak, eta gaur egun asilo eskatzaile nagusiak direla. Hala, harrera estatuei iheslariei errefuxiatu edota behin-behineko bestelako estatusa emateko eskatu die. «Giza eskubideen urratze handietatik ihesi doazen pertsonak dira, eta oso litekeena da aurten ere urratze horiek segitzea».



BORROKA LATZAK BAGDADEN. Erresistentziaren eta okupazio indarren zein Irakeko Poliziaren arteko borroketan gutxienez 50 ekintzaile hil eta beste 25 bat atxilotu zituzten Bagdadeko Haifa Streeten.AEBek eremua bonbardatu zuten.

Halaber, Poliziak 46 gorpu aurkitu zituen Iraken barrena, tortura zantzuekin. Bestalde, Turkiako langileak zeramatzan hegazkin batek lurra jo zuen Bagdadeko aireportuan. 30 turkiar hil ziren.

Gainera, Mekatik (Saudi Arabia) Irakera itzultzen ziren hainbat erromes bahitu zituzten poliziaz jantzitako gizonezko batzuek.



BUSHEN PLAN BERRIA. Anartean, okupaziopean sortutako sisteman parte hartzen duten suniten arteko alderdi nagusietako batek, ICF Irakeko Kontsentsuaren Fronteak baiezkoa eman dio komunitate ezberdinetako hainbat taldek eta alderdik eratutako NSF Nazioa Salbatzeko Frontea sostengatzeari. «NSF irmoki sostengatzen dugu, nahiz eta formalki horretan parte hartu ez», azaldu zuen atzo ICFko eledun Salim Abdalak.

NSF iragan abenduan sortu zuten, 27 talde politiko bilduta, eta gerra zibila eragoztea du helburu nagusietako bat.

Bien bitartean, Irak okupatzen duen potentziaren agintariak,AEBetako presidente George Bushek, adierazi du espero duela Irakeko lehen ministro Nuri al Malikik (xiita) bere indarrak AEBetako soldaduekin batera lanean jartzea erresistentziari aurre egiteko, eta bereziki Bagdadeko Medinat al Sadr (Sadr City) auzoan nagusi den Mehdiren Armadari (xiita). Bushek bihar iluntzean (ostegun goizaldea Euskal Herrian) aurkeztuko du Irakerako plan berria, eta oposizio demokratak hura blokeatzea espero da.

Frantziako Atzerri ministro Philippe Douste-Blazyk esan du bere gobernuak espero duela Iraken diren atzerriko indarrak 2008ko azaro inguruan, AEBetako bozetan, erretiratuko direla.



Saddam Husseinen urkatzearen beste bideo batek haserrea areagotu du

Joan den abenduaren 30ean urkatu zuten Irakeko presidente ohi Saddam Husseinen beste bideo ez-ofizial bat zabaldu dute Interneten, www.anwarweb.net webgunean . Horrek haren aldekoen eta epaiketa zein exekuzioa bidegabeak izan zirela uste dutenen haserrea areagotu egin du. Hedatutako bideoa eskuko telefono batekin grabatua da, eta Husseinen gorpua ia erabat estalia erakusten du, baina lepoa 90&fraq14; bihurrituta eta zauri batekin erakusten du, urkabilurrak eraginda, agian. Gainera, grabazioan parte hartu zutenen ahotsak entzuten dira, gizonezko batek beste bati irudiak «bizkor» grabatzeko eskatzen diolarik. Aurreneko bideoa, ezkutuan grabatua hura ere, iragan astean zabaldu zuten urkatzean present izan ziren xiita batzuek.

Bestalde, Irakeko lehen ministro Nuri al Malikik onartu du AEBek exekuzioa hamar egunez atzeratzeko eskatu ziotela, baina ez ziola horri men egin, protestak areagotuko ziren beldur zelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.