NBEk erran du «kezkatuta» dagoela Siriako behatzaileen egoerarengatik

Herenegun lehergailu bidez eraso zieten behatzaileak onik ailegatu dira Hama hiriko basera

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko bozeramaile Martin Nesirkyk adierazi du «kezkatuta» daudela Siriara bidali dituzten behatzaileen egoerarengatik, kasko urdinek azken egunetan izan dituzten erasoak direla eta. Nesirkyk erran du ez dakitela «ziur» erasoen jomuga behatzaileak ote ziren baina badakitela «arriskuan» egon direla. Azken erasoa herenegun gertatu zen, Khan Sheikhoun hirian. Kofi Annan Siriarako mandatari bereziaren bozeramaile Ahmed Fawzik jakinarazi duenez, guztiak onik itzuli dira Hama hiriko basera, arratsa matxinoen talde batekin pasatu ondoren. Agintariek eta oposizioko talde batzuek batak bertzeari egotzi diote eraso hori egitea.

Joan den igandean Homs hirian bala bat jaurti zioten NBEren bertze konboi bati, eta duela zortzi egun leherketa bat gertatu zen Daraan ibilgailuak pasatzen ari zirenean. UNSMIS Nazio Batuen Siriarako Gainbegiratze Misioak 236 behatzaile ditu herrialdean, eta hilaren amaierarako bertze 25 ailegatzekoak dira.

Al-Assaden kritikak NBEri

Baxar al-Assad Siriako presidenteak, baina, Annanen misioko ordezkariak kritikatu ditu, «soilik agintarien aldeko indarkeria» aipatzen dutelakoan. «Solas bat ere terroristen inguruan. Esperoan gaude», erran du Errusiako kate bati eskainitako elkarrizketan. Al-Assadek erran du, gainera, hilaren 7an egindako legebiltzarrerako bozek herritarrak gobernuak proposatutako erreformen alde daudela erakusten duela. Hauteskunde batzordearen arabera botorako eskubidea zutenen %51k hartu zuen parte. Oposizioko SNC Siriako Kontseilu Nazionalak ez ditu aintzat hartu bozak. Erakunde horri buruz, Al-Assadek erran du Sirian ez dagoela SNCko preso politiko «bakar bat ere», eta erakunde hori atzerritik finantzatzen dutela salatu du. The Washington Post-ek argitaratutako artikulu baten arabera, Persiako golkoko herrialdeak matxinoei armak helarazten ari dira, AEBen laguntzarekin. Matxinoen eta AEBetako Gobernuko iturriak aipatu ditu egunkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.