Siriako gerra

NBEk giza laguntzaren banaketa gelditu du Siria osoan

Errusiak eta Siriako armadak ukatu egin dute bart arratsean Alepora bidean zihoan konboiari eraso diotenik. Ban Ki-moonek Damaskori egotzi dio gerran zibil gehien hiltzea.

NBEko bilera, gaur. MIGUEL RAJMIL / EFE
mikel rodriguez
2016ko irailaren 20a
08:01
Entzun

Sirian, astebeteko su-etenaren bukaera erabateko nahasmenean murgildu da, NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Ilargi Gorriaren giza laguntzarako konboi batek bart arratsean Alepo iparraldean jasandako erasoaren ondoren. "Berehalako segurtasun neurri gisa, gainerako konboien mugimenduak bertan behera utzi ditugu", jakinarazi die Jens Laerke NBEren giza laguntzarako agentziaren bozeramaileak Genevan (Suitza) bildutako kazetariei. "Eraso krudel hori giza laguntzaren aurka nahita egindakoa dela jakiten bada, gerra krimentzat hartuko da", ohartarazi du, berriz, Stephen O'Brien NBEren Giza Laguntzarako idazkariordeak. Gurutze Gorriaren arabera, gutxienez hogei zibil hil dituzte erasoan.

Oposizioko zenbait talderen arabera, Siriako armadaren edo Errusiakoaren aire eraso batek jo zuen konboia, eta AEBek ere Errusia egin dute erantzule, Estatu Departamentuak argitaratutako har batean. Siriako armadak, ordea, ukatu egin du konboiari eraso dionik, Siriako Sana agentzia publikoak argitaratu duenez. Igor Konaxenkov Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramaileak, berriz, erran du konboiak jasandako erasoa ez dela airetik egin; Interfax agentziak argitaratutako adierazpenetan, Konaxenkovek adierazi du konboiari su eman ziola norbaitek, eta Kasko Zuriak taldean paratu du susmoa. "Haiek erantzun dezakete nor den erantzulea, eta zergatik egin duen".

Kasko Zuriak matxinoen kontrolpeko eremuetan antolatutako talde bat da, eta bonbardaketen ondorioz eraikinetan harrapatuta gelditutakoen erreskate lanak egiten ditu. Bart arratseko bonbardaketen lehenbiziko irudiak haiek argitaratu zituzten sare sozialetan. Konaxenkovek talde horri leporatu dio lotura izatea Sortaldea Konkistatzeko Armadarekin —lehen Al-Qaedari lotutako Al-Nusra Frontea zenarekin—.

New Yorken azken ahalegina

AEBetako, Errusiako eta Siriako gatazkan nahasitako bertze hogei herrialde ingurutako ordezkariak elkartuta daude New Yorken, Moskuk eta Washingtonek duela astebete baino gehiago menia ezartzeko egindako hitzarmena berreskuratu ote daitekeen eztabaidatzeko.

NBEren Batzar Nagusiaren harira daude ordezkari horiek guztiak New Yorken. Batzarrean, Ban idazkari nagusiak  Siriako Gobernuari leporatu dio duela bortz urte hasitako gerran zibil gehien hiltzea, eta erran du Siriaren etorkizuna ezin duela baldintzatu "pertsona bakar baten etorkizunak", Baxar al-Assad Siriako presidenteari erreferentzia eginez. Gainera, hainbat herrialdek gatazkan duten zerikusia kritikatu du, baina izenik aipatu gabe. "Gatazkaren alde guztiek zibilen aurka egin dituzten gehiegikerietan erraztasunak, dirua, axolagabekeria eta parte hartzea izan edo plangintza ere egin duten gobernuetako ordezkariak daude areto honetan jarrita".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.