NBEk gutxiengoen eskubideetan oinarritutako akordioa nahi du

Kosovoko negoziazio buruak independentzia aurki lortuko dutela dio; Belgradek autonomia baino ez du onartzen

Kristina Berasain Tristan.
2006ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Kosovon bi milioi pertsona bizi dira eta %90 albaniarrak dira. Independentzia aldarrikatzen dute. Serbiarrak gutxiengoa dira Kosovon. Egun ehun mila serbiar bizi dira bertan200.000 mila serbiarrek gerra garaian ihes egin zuten eta horietatik gutxi batzuk baino ez dira itzuli. Gutxiengoen eskubideak bermatzea, ildo horretan, negoziazio prozesuaren lehentasuna izango dela jakinarazi zuen atzo NBE Nazio Batuen Erakundeak. Martti Ahtisaari ordezkari bereziaren bozeramaileetako batek argi utzi zuen edozein akordio gutxiengoen eskubideetan oinarrituko dela. Hua Jiangek lehentasuna segurtasuna zela jakinarazi zuen: «Kosovon askotariko gizarte bat eratu nahi dugu». Kosovori autonomia zabalagoa ematea da serbiarrek onartzen duten aukera bakarra. Turkiarrak eta bosniarrak ere bizi dira Kosovon.

Kosovoko estatusa zehazteko negoziazioak atzo hasi ziren Vienan (Austria). Ibrahim Rugova presidentearen heriotza dela eta hainbat egunez atzeratu zituzten negoziazioak urtarrilean hil zen presidentea. Pristina eta Belgradeko ordezkariak aurrez aurre bildu ziren. Rambouilleten (Frantzia) duela sei urte egindako bake negoziazioen ondoren elkarrekin biltzen ziren aurreneko aldia zen orduan ez zuten hitz bakar bat ere trukatu. Daun-Kinsky jauregiaren aurrean egindako agerraldian serio agertu ziren alde bateko eta besteko ordezkariak eta ez zuten argazkirik egin nahi izan. Gaur arte iraungo duten negoziazioak ateak itxita egingo dituzte. Deszentralizazioaz mintzatu ziren atzo. Osasunaz, kulturaz eta hainbat gizarte gaiez mintzatzekoak ziren baina, hainbat informazio iturriren arabera, osasunaz baino ez ziren mintzatu. Gaur, berriz, segurtasuna, justizia, zerbitzu publikoak eta ekonomia izango dituzte hizpide. Kosovoko negoziazio buruak independentzia aurki eskuratuko zutela adierazi zuen: «Estatus politikoa lehenbailehen zehaztea nahi dugu. Independentzia aurki etorriko da». Kosovoko Legebiltzarrak independentzia lortzeko asmoa berresten zuen ebazpena onartu zuen iazko azaroan. Serbiako negoziazio buru Slobodan Samardzicek, aldiz, helburua autonomia zela adierazi zuen. Independentziaren inguruko galdeketa egitea baztertu eta «akats historikoa» izango zela esan zuen Belgradek. Serbiako lehen ministro Vojislav Kostunicak, berriz, independentzia «pentsaezina» dela adierazi zuen joan zen astean: «Demokratikoa den herrialde baten kontrako eta nazioarteko ordenaren kontrako indarkeria litzateke gure lurraldeaz jabetzeko edozein saiakera». Kosovori «autonomia zabala» emateko prest egongo litzatekeela zehaztu zuen Kostunicak. International Crisis Group erakundeak epe luzera egonkorra izango den irtenbide bakarra independentzia dela dio argitara eman berri duen txosten batean. Aukera hori, baina, oso zaila zela ondorioztatu zuen ikerketak. Nazioarteko komunitateak, ildo horretan, independentzia plan bat ezartzeko prest egon beharko lukeela adierazi zuen erakundeak, beti ere, gutxiengo serbiarren eskubideak bermatuta: «Pristinak fede ona erakutsi beharko luke gutxiengoekiko eta euren eskubide politikoak eta kulturalak bermatu».

Negoziazio zailak

NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkari berezi Martti Ahtisaarik hiru baldintza jarri zituen iaz negoziazioekin jarraitzeko: Kosovon agintea deszentralizatzea, serbiarren mesedetan; errefuxiatuak itzultzea eta beren ondasunak galdu zituztenei kalte-ordainak ematea ahalbidetuko duen mekanismo bat ezartzea; eta desagertutako pertsonen auziari arreta berezia eskaintzea.

Nazioarteko erakundearen ordezkari bereziaren arabera, ildo horretan, negoziazioak ez dira errazak izango. Nazioarteak jarritako epeak urte honen amaierarako erabaki nahi dute estatusa malgua izan behar duela uste du Ahtisaarik. «Kosovok ezin du horrela jarraitu. Zerbait aldatu beharra dago. Gutxiengoak dira negoziazioen gakoa. Lasai bizi daitekeela sentitu behar du gutxiengoak eta hori lortu behar dute agintariek. Bestela alferrik ari gara estatusari buruz hitz egiten». 1999. urteko ekainaz geroztik nazioartearen administraziopean dago Kosovo 17.000 soldadu daude bertan. Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalen buru Carla del Pontek misioa ez zela kooperatzen ari salatu zuen atzo. Kosovoko lehen ministro ohi Ramush Haradinaj jasotzen ari den sostenguarekin harrituta zegoela adierazi zuen Del Pontek. UCK Kosovoko Askapen Armadako buruzagia izan zen lehen ministro ohia eta iaz kargugabetu zuten.

Kronologia





1989: Kosovoren eskubide autonomikoak murrizten hasi zen Jugoslaviako presidente Slobodan Milosevic 1974ko Konstituzioan jasotzen ziren .

1990: Kosovoren independentzia aldarrikatu zuten legebiltzarkide albaniarrek. Kosovoko Legebiltzarra bertan behera utzi zuen Serbiak.

1998: Serbiako Polizia eta UCK Kosovoko Askapen Armadaren arteko borrokak izan ziren. Serbiako indarrek eraso gogorrak egin zituzten. Ehunka zibilek alde egin behar izan zuten. Milosevici erasoak eteteko ultimatuma jarri zion NATOk.

1999: Jugoslaviaren kontrako aire erasoak egin zituen NATOk. Kosovotik tropak erretiratzea onartu zuen Slobodan Milosevicek. NATOk erasoak eten zituen. Kosovoren Askapenerako Armadak desarmea onartu zuen. Nazio Batuen Erakundeak indarrak ezarri zituen eta bere administraziopean jarri zuen Kosovo.

2001: Slobodan Milosevic presidente ohia atxilotu zuten.

2002: Kosovoko presidente hautatu zuten Ibrahim Rugova.

2003: Serbiarrak eta Kosovoko albaniarrak aurreneko aldiz bildu ziren gerra amaitutzat eman zutenetik. Kosovoren estatusa erabakitzeko bete beharreko baldintzak ezarri zituen NBEk.

2004: Hemeretzi pertsona hil ziren borroketan. Legebiltzarrerako bozak egin zituzten. Ibrahim Rugovaren alderdiak irabazi zuen. Serbiarrek bozak boikotatu zituzten.

2005: Segurtasun Kontseiluari negoziazioak hasteko eskatu zion NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek. Finlandiako presidente ohi Martti Ahtisaari ordezkari berezi izendatu zuen.

2006: Ibrahim Rugova presidentea urtarrilean hil zen minbizi baten ondorioz. Fatmir Sejdu izendatu zuten haren ordezkoa. Kosovoren estatusaren inguruko negoziazioak hasi ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.