MUNDUA

NBEk ikerketa independente bat eskatu du, Malaysiako hegazkinarekin gertatutakoa argitzeko

Ukrainak eta matxinoek elkarri leporatzen diote hegazkina erori izanaren errua. Berehalako su etena eskatu dute Amerikako Estatu Batuek, gorpuak berreskuratzeko. EBko Atzerri ministroek asteartean izango dute gaia aztergai.

Hegazkinaren arrastoak, Donetsketik gertu. ALYONA ZYKINA / EFE
2014ko uztailaren 18a
12:52
Entzun

Atzo erori zen Malaysia Airlines aire konpainiaren hegazkin bat Ukraina ekialdean, Donetsk eskualdean, eta 280 bidaiariak eta eskifaiako 15 kideak hil dira, 295 lagun guztira. Ukrainak eta ekialdeko matxinoek elkarri leporatu diote hegazkina misil batekin bota izana. NBEko Segurtasun Kontseiluak ikerketa independente bat eskatu du gertatutakoa argitzeko. Asteartean Europako Batasuneko Atzerri ministroek gaia aztertuko dute; gertatutakoari buruzko ondorioak egon daitezkeela aurreratu dute. 

Hainbat herrialdetakoak ziren bidaiariak: 154, Herbeheretakoak; 43, Malaysiakoak; 27, Australiakoak; hamabi, Indonesiakoak; bederatzi, Erresuma Batukoak; lau, Alemaniakoak; lau, Belgikakoak; hiru, Filipinetakoak; bat, Kanadakoa; eta beste 41 nongoak diren ez dute zehaztu.

Amerikako Estatu Batuetako Etxe Zuriko bozeramaile Josh Earnestek "berehala" su etena emateko eskatu die Ukrainari, Errusiari eta Ukraina ekialdeko matxinoei, gorpuak berreskura ditzaten. Samantha Power AEBetako ordezkariak miliziano errusiazaleei egotzi die hegazkinari eraso izana. Txinak, bestalde, herrialdeko aire konpainiei agindu die ez dezatela Ukraina ekialdearen gainetik hegan egin.

HIESari buruzko nazioarteko biltzar batera joatekoak ziren hegazkinean zihoazenetako ugari. Melbournen (Australia) egingo dute biltzarra igandetik aurrera, eta HIESa ikertzen ziharduten ikerlariak ziren hildako ugari. Hildakoetako bat izan liteke Joep Lange, HIESaren Nazioarteko Elkarteko presidente ohia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.