«Siriako krisia gaiztotzen ari den bitartean, Libanoko egoera gero eta ezegonkorragoa da, eta handituz doa Beiruteko gobernuarekiko eta armadarekiko nazioarteko babesa», azaldu du Jeffrey Feltman NBE Nazio Batuen Erakundeko Auzi Politikoetarako idazkari nagusiordeak Segurtasun Kontseiluaren bileran. Astelehenean,herrialdeko iparraldeko Tripoli hirian hasitako borroken ondorioz gutxienez hamar lagun hil dira dagoeneko, eta ehundik gora dira zauritu. Baxar al-Assad Siriako presidentearen aldekoen eta kontrakoen artean ari dira borrokan.
Libanoko armadak soldaduak bidali ditu auzo gatazkatsuenetara: Bab al-Tebbanej sunitara eta Jabal Moxen alauitara. Hala ere, egoera ez dago kontrolpean, eta armadak «liskarrak ez areagotzeko eta garai kritiko honetan erantzukizun nazionalari eusteko» eskatu die Libanoko politikariei. Gainera, Siriako mugatik herrialdearen iparraldera hainbat misil jaurti dituztela ere jakinarazi dute, biktimarik eragin barik. Libanon ez eze, Iraken ere indarkeria hedatzearen beldur dira, eta atzo herrialdearen mendebaldeko Al-Qaem igarobidea itxi zuen, pertsona armatuak pasatzea saihesteko.
Brahimiren laguntzailea
Bitartean, Sirian ez atzera ez aurrera jarraitzen du gatazkak, eta indarkeriak ez du etenik. Oposizioko taldeek salatu dute armadak bonbardaketa gogorrak egin zituen atzo Damaskon, eta 80 lagun inguru hil dira.
Irailean Kofi Annan ordezkatuko duen NBEko eta Arabiar Ligako Siriarako mandatari berezi Lajdar Brahimik lan zaila izango du esku artean, eta atzo iragarri zuten nor izango duen bere laguntzailea: Nasser al-Qudwa Palestinako Atzerri ministro ohia. Azken sei hilabeteetan ere Annanen aholkulari lanetan ibili da Al-Qudwa.
Bestalde, Txinak ere, Errusiak herenegun egin bezala, arma kimikoen auzia aitzakiatzat erabiltzea egotzi dio Barack Obama AEBetako presidenteari, Sirian esku hartze militarra egiteko.
NBEk ohartarazi du Libanon egoera okertzen ari dela Siriako gatazkaren erruz
Oposizioaren arabera, armadak bonbardaketak gogortu ditu Damaskon eta 80 lagun inguru hil zituen atzo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu