NBEk salatu du Sudango miliziek 400 bat lagun hil dituztela Txaden

Nazio Batuen arabera, duela 11 egun egin zituzten erasoak Khartumen babesa duten 'janjauid' taldeek

Erredakzioa
2007ko apirilaren 11
00:00
Entzun
NBEren iheslarientzako agentziak atzo salatu zuen joan den martxoaren 31n Txadeko ekialdean, Sudanekiko mugatik gertu, bi herriri eraso eginda 400 bat pertsona hil zituztela Sudango janjauid miliziek. Sudango Gobernuaren sostengua duten miliziek Tiero eta Marena herriei eraso zieten. Txadeko agintariek joan den astean eman zuten erasoaren berri, baina orduan emandako heriotza kopurua 65 ingurukoa zen. Orain, ordea, NBEko giza laguntzarako hainbat agentziatako ordezkariek eremua bisitatu eta kopuru handiagoak emateaz gain, ikusitako egoera «apokaliptikoa» dela esan dute. Bi herriotan orotara 8.000 lagun bizi dira.

NBEren behatzaileen esanetan, erasoa jasandako herrietan usteltze prozesuan zeuden hainbat pertsonaren zein animaliaren gorpuak aurkitu dituzte, baita kiskalitako etxeak ere. «Itxuraz, jendeak denbora gutxi -edo batere ez- izan du ihes egiteko, atzean utzitako etxeko funtsezko gai, elikagai eta aziendatik ondoriozta daitekeenez», azaldu du UNHCR Iheslarientzako agentziako eledun Ron Redmondek.

Zehaztu duenez, erasoetan zauritutakoak 80 bat izan dira. Alabaina, erasoetatik ihesi joandako asko, bereziki zaharrak eta umeak, bidean hil dira, nekeak eta deshidratazioak jota.

Gainera, eskualdeko 31 herritatik ihes egindako 9.000 zibil gutxienez hartu ditu UNHCRk Habile hiriko iheslari eremuan. «Halere, desplazatu berrien kopurua nahasgarria da, laguntza agentzietan egunero jende gehiago agertzen baita».

Azkenaldian Txadeko Gobernuak dio Sudango Gobernuaren sostengua duten janjauid miliziak herritarrei eraso egiten ari zaiela Txaden. Sudango Darfur eskualdeko 200.000 bat errefuxiatu daude Txaden. Gatazka Afrika Erdiko Errepublikara ere hedatu da eta han ere erasoak gertatzen dira.

Sudanek, ordea, Txadi leporatzen dio Darfurko matxinoak -Sudango Gobernuaren kontrako talde armatuak- sostengatzea.



BORROKAK MUGAN. Herenegun Sudango lurretan sartu eta Sudango armadako 17 soldadu gutxienez hil eta 40 bat zauritu izanaz akusatu zuen Khartumgo gobernuak N'Djamenakoa.

Txadeko agintari militarrek ekintza onartu dute, baina argudiatu dute Sudanera sartu zirela bere gobernuaren kontrako matxino txadarren atzetik zihoazelako. Ordu batzuk lehenago esan zutenez, Darfurtik jasandako eraso bati aurre egin zioten, mugatik.

Txadeko ekialdeak eta Sudango Darfur eskualdeak antzeko osaketa etnikoa dute.



ezBeHarra

34

Yemengo uretan itota. NBEk jakinarazi du gutxienez 34 lagun itota hil direla Yemengo kostan, Somaliatik hiru ontzitan legez kanpo iritsi nahi zutenean. Antza, Yemengo armadak tiro egin zien ontziei, eta ontzietako jabeek uretara jauzi egitera behartu zituzten etorkinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.