Freetown hiriburutik Yengemako hirira, Sierra Leonako ekialdera, zihoala lur jo zuen atzo Nazio Batuen Erakundeko 20 bat funtzionario garraiatzen zituen helikoptero batek. Ondorioz, NBEko zein bestelako langileak eta eskifaiako hiru kide hil ziren, 24 pertsona guztira, NBEko iturriek ezagutarazi zutenez.
Ukrainako UT Air konpainiarako Errusian eraikitako Mi8 motako airekoa goizean abiatu zen Freetowndik, handik 293 kilometro ekialdera dagoen Yengema hirira iristeko xedearekin. Eskifaiak helikopteroaren posizioaren berri emateari utzi eta zazpi minutura beste helikoptero bat haren bila abiatu zen. Istripua izan zeneko eremua hegaldatu eta eroritako airekoa «oraindik sutan» zegoela jakinarazi zuten salbamendu taldeko kideek. Ingurunea oihana izateak salbamendu lanak trabatzen zituela erantsi zuten.Hildakoen artean 14 pakistandar gutxienez, Bangladesheko polizia bat eta NBEko kide ez ziren bi langile zeudela jakinarazi zuten agintariek. Ez zuten, haatik, ezbeharra zerk eragin zuen inguruko informaziorik eskaini.Yengemako eremuan NBEk Sierra Leonan dituen zenbait batailoi daude, Pakistango soldaduek osatuak, hain justu. Horien zeregina 2002ko armistizioa urratzen ez dela behatzea da.Armistizioak 11 urteko gerra zibilari bukaera eman zion. 1991tik 20.000 pertsona inguru hil ziren borrokaldien ondorioz. Gainera, ehunka milaka ihes egitera behartu zituen.Gerraren arorik gordinena 1997an hasi zen. Orduan, Armadako sektore batek gerrillariekin bat egin eta Ahmed Tekhan Kabba presidentearen gobernua boteretik kendu zuen. Alta, 1998an boterera itzuli zen Kabba.
SIERRA LEONA
NBEko 20 bat langile hil dira helikoptero istripuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu