NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak Siriako erregimena gaitzetsi du

Txinak eta Errusiak salatu dute onartutako ebazpenaren alde daudenek zilegitasuna eman nahi diotela atzerriko esku hartzeariOposizioko SNCk buruzagitza militar bat sortu du, eta armak eskaini dizkiotela dio

mikel rodriguez
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Siriako erregimenaren aurkako nazioarteko presioak etenik gabe jarraitzen du egunak igaro ahala. Aurrez iragarrita zegoen bezala, NBE Nazio Batuen Erakundetik bertze gaitzespen adierazpen bat etorri da, Giza Eskubideen Kontseilutik oraingoan, gehiengo osoz: organo hori osatzen duten 47 estatuetatik 41ek bozkatu dute gaitzespen ebazpenaren alde. Horren arabera, Giza Eskubideen Kontseiluak Baxar al-Assaden erregimenari eskatu dio giza eskubideen urraketak eta zibilen aurkako erasoak eteteko, eta NBEri eta giza laguntzarako agentziei Sirian sartzen utz diezaietela giza egoera baloratzeko. Gainera, NBEren eta Arabiar Ligaren Siriarako bidali berezi Kofi Annanek iragarri du «aurki» joanen dela Siriara.

Giza Eskubideen Kontseiluak hartutako erabakiak ez du balio betearazlerik, halako ahalmena duen organo bakarra Segurtasun Kontseilua baita, eta azken horretan Errusiak eta Txinak Siriaren aurka aurkeztu diren ebazpen guztiei betoa paratu diete orain arte. Giza Eskubideen Kontseiluan ere azken ebazpenaren aurka bozkatu dute Errusiak eta Txinak, Kubarekin batera —Ekuadorrek, Indiak eta Filipinek abstentzioa eman dute—. Moskuk eta Pekinek salatu dute Giza Eskubideen Kontseiluan aurkeztutako ebazpenak ez dituela maila berean paratzen erregimenaren eta oposizioaren indarkeria, eta bi potentzien iritziz onartutako testuaren helburua da Sirian atzerriko esku hartzeari zilegitasuna ematea.

Hain zuzen, bozketaren aitzinetik argitaratutako elkarrizketa batean Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak salatu du Siriari buruz NBEn aurkeztutako ekimenen helburua dela Segurtasun Kontseilua «erregimenak aldatzeko plataforma bat bilakatzea». Gainera, Errusiak ez duela Al-Assad defendatzen zehaztu du Lavrovek, «Siriako herriak nahi duen gobernua aukeratzeko duen eskubide subiranoa baizik».

Vladimir Zheglov Errusiak NBEn duen enbaxadoreak erran du, gainera, kontseiluak hartutako erabakia Siriarako bidali berezi Annanen eginkizunaren aurka doala. Bidali berezia heldu den asteazkenean elkartuko da Arabiar Ligako idazkari nagusi Nabil el-Arabirekin Kairon, Siriarako bidaia prestatzeko.

Egun berean ere garrantzi handiko bertze bilera bat egonen da, GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseilua Errusiako Atzerri ministro Lavrovekin elkartuko baita Riaden. Persiako golkoko monarkiak ez daude gustura Moskuren jokabidearekin, eta Siriako gatazkaren irtenbidea «oztopatu» egiten duela diote.

NCC, armak hartzearen aurka

Saudi Arabiak, Qatarrek eta Kuwaitek, ordea —GCCko kideak hirurak—, jendaurrean agertu dute erregimenaren aurkako Siriako Armada Askeari armak emateko nahia. Oposizioko SNC Siriako Kontseilu Nazionala plataformako buru Burhan Galiunek ere berretsi du «hainbat herrialdek» armak emateko borondatea agertu dutela, horiek zein diren zehaztu gabe. Gainera, gatazkaren militarizazioan urrats bat gehiago egiteko prest agertu da SNC, eta «defentsarako batzorde militar bat» sortuko duela jakinarazi du, erregimenaren aurkako «erresistentzia» koordinatzeko. NCC Koordinazio Nazionalerako Batzordea oposizioko bertze plataforma nagusia, ordea, militarizazioaren aurka agertu da. «Ez dugu nahi atzerriko esku hartzea, ezta oposizioari armak ematea ere», adierazi dio NCCko kide Munzer Khaddamek Irango Fars agentziari. Nagusiki ezkerreko alderdiek osatzen dute NCC.

«Segurtasunaren hondatzeak» Erresuma Batuko diplomatikoak «arriskuan» paratu dituela eta, Londresek Damaskoko enbaxada ixtea erabaki du. Salatutako egoera hori ikuskatzeko NBEko Giza Gaietarako idazkariorde Valerie Amos Siriara joatekoa zen, baina erregimenak ez dio sartzen utzi, garai «desegokia» dela argudiatuta. NBEko Segurtasun Kontseiluak, baina, Amosi sartzen uzteko eskatu dio Damaskori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.