New Yorken, Ramalan zein Tel Aviven zalantza da nagusi Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak iragan ostiralean NBEko Batzar Nagusiaren aurrean eginiko eskariaren ostean. Segurtasun Kontseiluko hamabost kideak atzo hasi ziren Palestina eskubide osoko estatu kide izendatzeko eskaria aztertzen, eta ziurtasunik eza da nagusi bai bozketaren dataren inguruan zein bozketako emaitzaren inguruan.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak aitortu du oraindik ez duela bermatuta palestinarren eskariaren gaineko bozketa oztopatzeko hamabost kideen artean behar lukeen babesa. Bestalde, Nabil Shaath PAE Palestina Askatzeko Erakundeko Batzorde Exekutiboko kideak esan du dagoeneko badutela euren eskaria onartzeko Segurtasun Kontseiluan behar den bederatzi kideen babesa. Hala ere, ez du argitu zeintzuk diren palestinarren ekimena babestuko luketen bederatzi kideak.
Bestalde, Segurtasun Kontseiluak noiz bozkatuko duen ere airean dago. «Espero dut aste batzuk barru izatea, eta ez hilabete batzuk barru», esan du Abbasek. «Hasiera batean, kontseiluko kideek ez zuten gure eskariaren gaineko eztabaida egiteko gogo handirik. Ostiraleko hitzaldiaren ostean, berriz, aldatu egin da haien jarrera, palestinarrok bakearen mesedetan egindako kontzesio historikoak gogorarazi eta gure estatuaren aitortza Lurralde Sakratuan bakea lortzeko inoiz eginiko aurrerapauso handiena litzatekeela nabarmendu nuelako». Shaathen esanetan, eztabaidak bost edo sei egun har ditzake, eta horren ostean egingo dute bozketa.
Dena dela, argi dagoen gauza bakarra da, behar izanez gero,AEB Ameriketako Estatu Batuek beto eskubidea erabiliko dutela. Palestina NBEko estatu kidetzat onartzeko bederatzi kideren babesa behar da Segurtasun Kontseiluan, eta Shaathen arabera, dagoeneko lortu dute babes hori. Kasu horretan, Washingtonek beto eskubidea erabili behar luke Abbasen eskaria oztopatzeko.
Egoera zaila litzateke Obamarentzat, bi suren artean harrapatuta bailegoke. Bere makineria diplomatikoa lanean ari da palestinarren aldeko botoak bederatzira iritsi ez daitezen eta AEBek betoa erabili beharrik izan ez dezaten. Shaathek aukera egiteko esan dio, «edo lobby juduaren alde egin, edo mundu arabiarrean dituen interesen alde egin».
Bitartean, Arabiar Ligak adierazi du Abbasen hitzaldiak «geldirik zegoen ura mugitzeko adina indar izan duela». Mohamed Subai Arabiar Ligako idazkari laguntzaileak «historikotzat» jo du PANeko buruaren hitzaldia, «palestinarrek bake prozesuan duten jarrera azaldu duelako eta Israel ukatzen ari zaien eskubidea azaleratu duelako». Bistan da Abbasen irudia indartu egin dela bai nazioartean zein etxean; iragan igandean heroi baten pare hartu zuten milaka palestinarrek Ramalan, New Yorketik bueltan.
NBEren 1947ko aurrekaria
Honakoa ez da NBEk palestinarren lurraldetasunaren gainean erabakitzen duen lehen aldia. 1947ko azaroaren 29an Erresuma Batuaren menpeko Palestina bi estatutan banatzea erabaki zuen Batzar Nagusiak; judua bata, eta arabiarra bestea. 33 herrialdek bozkatu zuten alde, hamahiruk kontra, hamar abstentzio, eta Thailandia ez zen agertu. Dena dela, erabakia ez zen inoiz bete.
NBEko 181. ebazpenak lurren %56,47 eman zion estatu juduari, eta lurren %43,53 arabiarrari; Jerusalem nazioarteko agintaritzaren esku utzi zuten. Gutxiengoa ziren juduek (lurren %6 baino ez zuten betetzen) onartu egin zuten ebazpena, ez ordea arabiarrek. 1948an Erresuma Batuak alde egin zuen eskualdetik, eta Israelek estatua aldarrikatu zuen; juduen eta arabiarren arteko gerra piztu zen jarraian. 1949ko Rodasko itunari esker, lur gehiago irabazi zituen Israelek, eta Zisjordania eta Gazarekin geratu zen Palestina, jatorrizko lurraren %22arekin. Eremu horixe da orain PANek eskatzen duena.
Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn
NBEko Segurtasun Kontseilua hasi da Abbasen eskaria eztabaidatzen
Palestinarrak eta israeldarrak babes bila ari dira Nazio Batuen Erakundean, eta PANek erabakia ez atzeratzeko eskatu duAbbasen hitzaldiak «geldirik zegoen ura mugi dezake», Arabiar Ligaren ustez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu