Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn

NBEn aliatuak lortzeko lehia sendotu dute Israelek eta PANek

Bosnia eta Herzegovina, Kolonbia eta Portugalekin harremanetan dabiltza palestinarrak, haien babesa eskuratzekoTel Avivek bonbardaketak eta eraisketak egin ditu lurralde palestinarretan

Jon Fernandez.
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Palestina estatu kide gisa onartu ala ez eztabaidatzeko bildu zen atzo Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua New Yorken. Prozesuak asteak iraun ditzake, edota hilabeteak. Oraindik ez dago gehiengo garbirik, eta airean dago hartuko duten erabakia; hortaz, datozen asteetan bai Israelek, bai AEBek, bai PANek kontseiluko hamabost kideei egingo dieten presioa erabakigarria izango da. Dagoeneko zortzi estatu kideren babesa dutela baieztatu du Ramalak; Errusiak, Txinak, Indiak, Hegoafrikak, Brasilek, Libanok, Nigeriak eta Gabonek alde bozkatuko dutela hitzeman dute. Beraz, boto bakar bat gehiago behar dute palestinarrek beharrezko gehiengoa lortzeko. Azken babesa lortzeko lehia hasi du PANek, eta Kolonbia, Bosnia eta Herzegovina eta Portugal konbentzitzeko lanetan hasia da.

«Ez gara joan Segurtasun Kontseilura porrot egitera. NBEra jo dugu badakigulako mundua palestinarren eskariaren alde konbentzitzeko gai garela», esan du Riad al Maliki PANeko Atzerri ministroak. Herenegun PANeko legebiltzarrak gutun bat bidali zion Kolonbiako Parlamentuari, NBEn Abbasen ekimena babesteko eskatuz. «Egun 128 herrialdek aitortzen dute Palestinako Estatua, munduko biztanleriaren %75ek babesten gaitu. Gainera, ia Hego Amerika osoak aitortu du Palestina, eskualde mailako erabakia hartuz. Kolonbiaren aitortza ere berehala etorriko dela espero dugu», dio gutunak.

Abbasen nazioarteko bira

Brasil, Argentina eta Txile, esaterako, Kolonbiari presioa egiten ari direla jakinarazi du PANek; halere, oso zaila izango da Bogotaren babesa lortzea, Israelekin harreman politiko estuak izateaz gain merkataritza harreman sendoak baititu arlo militarrean. Dena dela, Mahmud Abbas PANeko presidentea Kolonbiara joango da datorren astean, Juan Manuel Santos presidentearen iritzia aldatzeko asmoz.

Kolonbiara joan aurretik, ordea, Estrasburgora joango da Abbas hilaren 6an, Europako Kontseiluaren aurrean hitz egitera. Urriaren 7tik aurrera, berriz,Honduras, Kolonbia eta Portugal ere bisitatuko ditu. Bien bitartean, Al Malikik Bosniarako bidea hartuko du, Kolonbiaren eta Portugalen babesa lortu ezean Sarajevoren botoa ziurtatzeko.

Kolonbiak eta Portugalek bezala, Bosnia eta Herzegovinak ere oraindik ez du argitu zer bozkatuko duen NBEko Segurtasun Kontseiluan, eta palestinarrek azken ahalegina egin nahi dute. Errusia Sarajevo estu hartzen ari da, eta herrialde arabiarrek mehatxu egin diote palestinarren kontra bozkatuz gero Kosovoren independentziarik ez dutela aitortuko esanez.

Bosnia eta Herzegovina, Kolonbia eta Portugal, hirurak dira Segurtasun Kontseiluko kide ez iraunkorrak, eta beraien erabakiak alde batera edo bestera irauli dezake balantza. «Nazioarteak denbora askoan duen zorra da Palestinako estatu burujabea eta bideragarria ezartzea. Denbora luzean egon gara eskubide horren zain. Oraintxe da Palestinaren garaia», adierazi dio PANek Kolonbiako Parlamentuari gutun bidez. Gainera, NBEko kide izatea eta negoziazioei berriz ekitea bateragarriak direla nabarmendu dute palestinarrek.

Aldi berean, palestinarren ekimenaren kontrako aliatuak irabazi nahian ari da Israel NBEn. Benjamin Netanyahu lehen ministroak badaki palestinarrek Segurtasun Kontseiluko bederatzi estatu kideren babesa lortuta ere onarpenak ez duela aurrera egingo AEBek iragarritako betoari esker. Baina Washingtonek nahiago du betorik ez erabili, herrialde arabiarren aurrean agerian ez geratzeko. Horretarako, ezinbestekoa du Segurtasun Kontseiluan palestinarren aldeko kideak zortzi baino gehiago ez izatea, eta hori lortzeko lanean jarri du bere makineria diplomatikoa.

Bonbardaketak Gazan

Segurtasun Kontseiluko estatu kideek bi aldeetako presioak eta mehatxuak hartzen ari diren bitartean, Gazan eta Zisjordanian palestinarrek ez dute itxaropenerako tarte handirik. Israelek gogor eusten die bai kolonia berriak eraikitzeko politikari bai bonbardaketei.

Atzo Gaza erdialdeko Magazi errefuxiatuen kanpalekua bonbardatu zuen Israelgo armadak, «Al Kassam Brigadaren kontra»; oraingoz, ez dute argitu hildakorik edo zauriturik izan ote den. Bestalde, Zisjordaniako Shuja herrian sei bizilagun kaleratu dituzte euren etxeak eraisteko; Tel Avivek, gainera, eraistearen kostuak ordaintzera behartu ditu. Kolonien politika dela eta, Netanyahuren bakerako nahiaren gaineko «zalantzak» dituela adierazi du Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.