Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa NBEn

NBEn direnak eta ez direnak

Hego Sudan izan da Nazio Batuen Erakundean onartu duten azkena: 193. estatua da; aurretik, Kosovok aldarrikatu zuen independentzia, baina ez da erakundeko parte; 1990az gero 29 nazio sartu dira.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Palestinarrak izan dira saiatzen azkenak: ez dute lortu, oraingoz. Aurretik Hego Sudani egokitu zitzaion, eta burrunbarik eta arazorik gabe hartu zuen Nazio Batuen Erakundeak, Sudandik bereizteko erreferenduma egin eta urte erdira. Kosovok ere aldarrikatu zuen independentzia, baina herri boteretsu askoren iritzia aldatu beharko du NBEko kide izan aurretik. 1990etik hona 29 naziok izan dute lekua nazioarteko erakundean, eta horien prozesuak erakusten du estatua aldarrikatzeko erabakiak ez direla eskakizunen paperetako baldintzetan soilik oinarritzen.

NBEren Itunaren arabera, bertako kide izateko, bakea maitatu behar da, eta bakeaz ulertzen denaren barruan jasotako eginbehar guztiak betetzeko gaitasuna eta asmoa eduki behar da. Hori da definizioz esaten dena, baina teoriatik praktikara bakeaz besteko baldintzak garrantzitsuak izaten dira, herrien interesen oreka mantentzeko eta gatazkak saihesteko. Herri guztiek ez dutelako berdin erabakitzen, herri boteretsuenek baldintzatzen dute NBEn kide izan edo ez.

NBEren Segurtasun Kontseiluari dagokio estatu kide berriak erabakitzea, eta onartzeko gomendioa egitea Batzar Nagusiari, hark kide egin ditzan. Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorretako bakar batek hala nahi badu, gainerakoen erabakia atzera bota dezake, hasteko: AEBek, Txinak, Errusiak, Erresuma Batuak eta Frantziak dute beto eskubidea, batek denen kontra egin aurretik aliatuak bilatzea bidezkoagoa den arren —palestinarren kasua horrela izan da—.

Palestinarrek itxaron egin beharko dute eskubide osoko kide izateko NBEn. Ezinezkoa dirudiena, ordea, ez da horren zaila izan beste batzuentzat. Aitortzen azken herria Hego Sudan izan da, 193. estatu kidea. Hego sudandarrek bi gerra izan dituzte, eta bide malkartsua izan dute independentzia eskuratu aurretik —eta orain ere halaxe izango dute—, baina Sudanek nazioarteko presioari men egin ondoren eta 2005eko bake akordioak esaten zuenari jarraituz, erreferendumera deitu eta independentzia aldarrikatu zuten joan den urtarrilean. Uztailaren 14an egin zen NBEren parte, bi eguneko tramiteen ondoren.

Kosovoren kasua

Hego Sudanen aurretik, Kosovok ere aldarrikatu zuen independentzia. Jugoslaviarekiko gerraren ondoren (1999), nazioarteko indarrek Kosovoren kontrola hartu zuten. Lurraldeak, teorian, Serbiaren mendeko probintzia izaten segitu zuen, baina de facto haren kontrolpetik at gelditu zen. Gerraren ondoren, albaniarrak biztanleen %90 inguru izatera ailegatu ziren. Mendebaldeko potentzia nagusiek, AEBek gidatuta, irtenbide bakarra independentzia zela esan zuten.

Serbiak ezezko erabatekoa eman zion, baina Kosovok 2008an aldarrikatu zuen independentzia. Europako Batasuneko 27 estatuetatik 22k onartu zuten; horien artean Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak. Espainiak, Greziak, Errumaniak, Txekiak eta Eslovakiak, berriz, ezetz esan zioten. Denek dituzte auziak mugen barnean, eta Kosovo eredu bihurtzeko beldurra dute.

NBEko Batzar Nagusiko 38 herrialdek esana dute ez dutela onartuko Kosovo. Horien guztien buru daude munduko hiru potentzia: Errusia eta Txina, beto eskubidearekin, eta India. Errusiak tradizioz harreman estua izan du Serbiarekin. Kosovoren aldarrikapenari erantzunez, Abkhaziaren eta Hego Osetiaren independentzia onartu zuen. Teorian, Georgiaren mende daude herri horiek, eta Mendebaldeak ez die independentzia onartzen.

Jugoslavia ohiaren gainerako kasuetan, 2000. urtean Jugoslaviako Federazioen Errepublika onartu zuen NBEk, eta 2003an Serbia eta Montenegro izena hartu zuen. 2000. urterako Montenegrok aldarrikatua zuen independentzia, eta estatu gisa 2006an onartu zuten NBEn. Kroazia (1992), Eslovenia (1992) eta Bosnia eta Herzegovina (2002) han dira.

Aurretik, 1990etik hona, 29 herri sartu dira NBEn, Sobiet Batasunean izandako hamalau ere bai. Sobiet Batasuna desegin zenean, 1991n, eta Mendebaldearen erraztasunak lagun, tokian tokiko independentziak aldarrikatu ostean sartu ziren NBEn, nork bere bideari segika.

Hamarkada hartaz gero sortutako estatuetan zeuden faktore bereizgarriak —berezko hizkuntza eta erlijio ezberdina— ez ziren Europako demokrazietan bizi diren estaturik gabeko nazio askotan baino gehiago. Pentsatzekoa da estatu berrien sorrerari aurre egin beharko diola aurrerantzean ere Nazio Batuen Erakundeak, baina arazo horietaz erabakitzeko, besteak beste, gaurkoz NBEren egitura aldatzearen aldeko ahotsak nabarmentzen hasi dira, zaharkitua dagoela uste dutelako, batez ere garapen bidean diren herrialdeetan — botere gehiago nahi dute—.

Sorreran gerrak saihesteko zuen xedea ez delako betetzen ere zalantzan jartzen dute haren balioa. Itunak aurreikusten du kideak handik bota daitezkeela, baldintzak betetzen ez dituztenean. Orain arte, ordea, ez dute inor kanporatu bakea urratzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.