UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria arabera, 267.000 herritarrek egin dute ihes Siriatik gatazka hasi zenetik. Melissa Fleming bozeramailearen arabera, errefuxiatu gisa izena ematen dutenen kopuruak dituzte, estatus hori lortzeko zain daudenenak ere, eta, azkenik, hainbat herrialdetako gobernuen lehen datuak jasotzen dituzte. «Eta sinetsi egiten diegu», zehaztu du.
Horren adibide, Jordanian 50.000 errefuxiaturen kopurua du UNHCRk, baina hango gobernuak 142.000 direla dio. Alde handiagoa dago, adibidez, Aljerian. NBEren agentziak 70 errefuxiatu ditu izena emanda, baina gobernuaren arabera 10.000 eta 25.000 artean dira. Iraken, berriz, gero eta gehiago dira Siriatik itzuli diren irakiarrak, UNHCRk dioenez. Irakeko 80.000 herritar bizi ziren ondoko herrialdean, eta horietatik 20.000 itzuli dira. Turkian, berriz, 70.000 errefuxiatu zenbatu ditu UNHCRk, eta kopuru hori bizkor igotzen ari dela dio, Halabeko borroka dela eta.
Bertsioen gerra
Halaben, berriz, borroken berri eman dute bi aldeek. Borroka militarraz gain, propagandak berebiziko garrantzia du gerran, eta bai Siriako Gobernuak, bai oposizioko Siriako Armada Askeak tinko eusten dutela adierazi dute. Agintariek diotenez, «400 terrorista» hil zituzten atzo Siriako hiririk handienean, eta bertze 150 atxilotu. Gainera, Sana agentzia publikoak erran duenez, armadak Halab inguruan metraileta astunez armatutakobederatzi ibilgailu suntsitu ditu, eta han zeuden «terrorista» guztiak hil.
Matxinoek kontatu dutenez, berriz, Halab erdigunean eraikin ofizialen aurkako erasoaldia egin dute, hiriko enparantza nagusia hartzeko. Salatu dute kontrolpean dituzten auzuneetan armadak hegazkinekin eta artilleriarekin bonbardaketak egin dituela.
Siriako Gobernuak bilkura bat egin du borrokek sortutako kalte ekonomikoei aurre egiteko eta barne desplazatuei laguntzeko neurriak hartzeko.
NBEren arabera, 267.000 lagunek utzi dute Siria
Halaben «400 terrorista» hil dituela erran du gobernuak, baina matxinoek diote eusten jarraitzen dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu