NBE Nazio Batuen Erakundeko lehen behatzaileek atzo hasi zuten Siriako euren jarduna. Dozena erdi militarrek osatzen dute taldea, Ahmed Himmitxe Marokoko koronela buru dutela. Damaskok Kofi Annan mandatari bereziarekin hitzartutako su-etena gainbegiratzea da haien lana. Bai agintariek, bai oposizioak, ordea, menia ez errespetatzea egotzi diote elkarri, eta atzo ere erasoak izan zirela salatu zuten. Behatzaileak bi aldeekin biltzekoak ziren atzo bertan.
Oposizioko Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera, soldaduek gutxienez hamabi lagun hil zituzten atzo Idlib probintzian eta Homs eta Hama hirietan. Gobernuaren arabera, ordea, su-etena «dozenaka aldiz» hautsi dute «talde terroristek». Aste bukaerarako NBEko 30 behatzaile iristea espero da.
Parisen, berriz, Siriaren Lagunak taldeak bilkura eginen du gaur, Damaskoren aurkako zigorrak nola ezarri erabakitzeko xedearekin, batik bat.
NBEren behatzaile talde bat ailegatu da Siriara, su-etena gainbegiratzeko
Oposizioak eta gobernuak menia haustea egotzi diote elkarri; 30 behatzaile bidaliko ditu NBEk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu