Hirugarren eguna dute gaur Genevako bake konferentzian, eta aurrez aurre elkartu dira goizeko bileran Siriako Gobernuaren eta NCSROF Siriako Iraultzaileen eta Oposizioaren Koalizio Nazionalaren ordezkariak, baina ordubete ez du iraun, eta ez dute egin espero zen adierazpen ofizialik. NCSROF Siriako Iraultzaileen eta Oposizioaren Koalizio Nazionalak soilik eman du, oraingoz, gertatutakoari buruzko iritzia. “Erregimenaren adierazpena helburutik desbideratu da. Guk erregimenak nahi ez zituen gaiak eztabaidatu nahi genituen”. Konferentzia ez uztea erabaki duten arren, nork bere aldetik ekin dio arratsaldean Brahimi mandatariarekin zuten bilerari.
Gaur gai politikoak ziren mahai gainean jartzekoak, eta alde bakoitzak adierazpenak egingo zituztela aurreratu zuten. NCSROF koalizioak behin-behinean gobernatuko duen talde bat ezarri nahi du Baxar al-Assaden gobernua ordezkatuz, baina Damaskok uko egiten dio horri, haren ustez, siriarrak baitira hori erabaki behar dutenak, eta oposizioko koalizioaren atzean atzerritarren esku hartzea dagoela uste du.
Gaur arte, Homs hiriko egoera izan dute hizpide, nork bere aldetik Brahimi bitartekariarekin bilera eginda, baina horretan ere bi aldeek iritzi kontrajarriak azaldu dituzte. Gobernuak dioenez, giza laguntza emateko korridorea zabaltzeko arazorik ez dago, ezta emakumeak eta umeak ateratzeko ere, konferentzian egin dizkieten eskaerei erantzunez. “Umeak eta emakumeak berehala atera daitezke hirigunetik”, jakinarazi zuen atzo Lakhdar Brahimi NBEko mandatari bereziak, baina gobernua ez da oztopoak jartzen ari dena, “terroristak” baizik, Faisal Makdad Atzerri ministrordeak zehaztu duenez. NCSROF koalizioaren arabera, berriz, “ez da ezer aurreratu Homserako laguntzaren gainean, ezta presoei buruz ere”, Monzer Akbik bozeramaileak zehaztu duenez.
NCSROFek gobernuari ustez preso dauden 1.000 emakume eta 1.300 adingaberen zerrenda helarazi dio. Makdadek, ordea, ukatu egiten du umeak preso daudela. Gobernuak ere eman du oposizioaren koalizioari haren esku ustez dauden presoen izenen berri.
Izan ere, trantsizioko gobernuaren harira Geneva1ean hitzartu zuten agiria —horixe da Geneva2ko negoziazioen oinarria— eztabaidarako iturri izan da azkenaldian, ez baitu argi uzten zein litzatekeen Al-Assaden eginbeharra trantsizio horretan.