«Irango Errepublika Islamikoak uste du Siriako krisiak konponbide bakarra daukala: gobernuaren eta herritarren babesa duen oposizioaren artean elkarrizketa serioa egitea, inor baztertu barik». Ali Akbar Salehi Irango Atzerri ministroak berba horiekin eman zion hasiera atzo, Teheranen, Siriari buruz egindako bilerari. 30 herrialde inguru elkartu ziren bertan: NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak, Errusiakoak, Txinakoak, Indiakoak eta ALBA Amerikako Herrialdeen Aliantza Bolivartarreko kide batzuk, besteak beste. AEBek eta haren aliatuek antolatutako Siriako Lagunen bileren alternatiba eratu nahi izan du Iranek, eta «Siriako Benetako Lagunen bilera» izena eman dio.
Teheranek, gainera, bere burua aurkeztu du oposizioaren eta gobernuaren arteko negoziazioetan bitartekari lanak egiteko. Eta nabarmendu du Sirian «nazioarteko edozein esku hartze militar» baztertuko dutela. Era berean, Kofi Annan NBEko eta Arabiar Ligako mandatari bereziaren sei puntuko bake plana babesten duela gogorarazi du.
«Jarrera errealista»
Siriako gatazka «erreforma politikoekin» konpon daitekeela uste du Salehik, «herritarren eskariei kasu eginez eta bi aldeak egiten ari diren zibilen sarraskiak geratuz». AEBei eta haren aliatuei ere bidali die mezua —Turkiari, Qatarri eta Saudi Arabiari, batez ere—: «Erreboltariak armatzeak eta Al-Qaeda eta gisako talde terroristentzat bidea zabaltzeak ezin du lagundu gatazka konpontzen, are gehiago korapilatzen du».
Horregatik, Iranek azpimarratu du Teherango bileran egon diren herrialdeak Siriakogatazkarekiko «jarrera errealista» dutenak direla. Latinoameriketatik Ekuador, Nikaragua, Venezuela eta Kubako ordezkariak joan dira; Europako Batasunetik, ordea, inor ere ez. Arabiar Ligak hasiera batean uko egin zion Iranen gonbidapenari, baina azkenean baieztatu du bertan izan direla erakunde arabiarreko zazpi ordezkari.
Negoziazio «serioa» eskatu die Iranek bi aldeei
Hogeita hamar herrialde ingurutako ordezkariak bildu dira Teheranen, Siriari buruz berba egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu