Siria

Negoziazioen bigarren txanda hasi dute bi aldeek Genevan

Lakhdar Brahimi Siriarako Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatariak nor bere aldetik hartu ditu bi aldeak, Suitzan. Elkarrizketan jarraitzea hitzartu zuten aurreko saioan.

Familia bat, Damaskoko kanpaleku batetik atera zain, hilaren 4an. SANA
Berria.info
2014ko otsailaren 10a
18:36
Entzun

Sirian bizi duten gatazkari irtenbidea emateko berriz ere eseri dira bi aldeak Genevan, baina ez ditu batera ekarri  Brahimi bitartekariak; lehenik, NCSROF Siriako Iraultzaileen eta Oposizioaren Koalizio Nazionaleko ordezkariekin egin du bilera, eta gero, Siriako Gobernuaren ordezkariekin. Egunotan jorratuko dituzten gaien agenda zehaztekotan ziren gaurko bilerotan.

Siriako aldeen jarrerak, ordea, ezer gutxi mugitu dira orain arte: Siriako Gobernuarentzat “terrorismoaren aurkako borroka” da negoziazioen lehentasuna, eta NCSROFentzat, Baxar al-Assad Siriako presidenteak boterea utzi eta trantsiziorako gobernu bat ezartzea. Damaskoren ordezkaritzak esan du, ordea, ez dagoela eztabaidagai Al-Assaden etorkizuna.

Joan den urtarrilaren 22an hasitako prozesuaren jarraipena da gaurkoa. Zortzi egun iraun zituzten orduko negoziazioek. Oraingo saioetako erronka izango da ezer konkretua hitzartzea, eta horretarako, lehenik, abiapuntuan jarri beharko dute ados.

Brahimik aurreko saioetan egindako lanak fruituak erdizka eman zituen. Aurrez aurre ez negoziatuta ere, negoziazioei eusteko prest agertu ziren, eta hori bada "aurrerapauso" bat, mandatariaren ustez.

Negoziazioek iraun bitartean egingo dute, berriz, bilera AEBek, Errusiak eta Nazio Batuen Erakundeak Genevan bertan, otsailaren 14an.

Homseko ebakuazioak

Delegazioak Genevara itzuli diren egunean, Homsen beste 300 zibil ebakuatu dituela jakinarazi du Ilargi Erdi Gorriak. Atzora arteko su-etena hitzartu zuten Homsen erdialdea kontrolpean duten talde armatuek eta Siriako armadak, zibilen ebakuazioa errazteko. NBEk egin du horretarako bitartekaritza lana. Talal al-Barazi Homs probintziako gobernadoreak jakinarazi du NBErekin aztertzen ari direla ebakuazio gehiago egitea. Asteburuan Homseko alde zaharretik 700 herritar atera dituztela esan du Al-Barazik. Bai armadak, bai matxinoek, ordea, su-etena ez errespetatzea egotzi diote elkarri, eta horrek lanak zaildu ditu. 

Arma kimikoak nazioartearen esku

Damaskok arma kimikoen hirugarren karga utzi du gaur Nazio Batuaren Erakundearen eta OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundearen esku. Latakiako portuan utzi du norvegiar itsasontzi batean, eta Txina, Errusia,  Danimarka eta Norvegiako armaden itsasontziek zainduta dago. Nazioarteko uretara eraman eta ondoren suntsituko dute karga Cap Ray AEBetako itsasontzian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.