Azken bi urteotan boterean zegoen Kaczynski anaia bizkien aginte ultrakontserbadoreakhauteskundeak galduko zituela iragartzen zuten inkestek, baina inork ez zuen espero oposizio liberala horren alde handiz gailenduko zitzaionik. Bozen emaitza ofizialak gaur emango dituzten arren, Donald Tusk buru duen POk botoen %41,39 lortuta, aurrea nabarmen hartu dio %32,16 rekin geratu den Kaczynski anaien PiS Zuzenbidea eta Justizia alderdiari. Orain arteko emaitzekin, POk Poloniako Legebiltzarreko 460 eserlekuetatik 209 lortuak ditu, eta PiSk, aldiz, 166 besterik ez. Beste bi indar politiko soilik ordezkatuta izango dira diputatuen ganberan: botoen %13,2 (53 diputatu) erdietsi dituen LiD Ezkerra eta Demokrazia koalizioa eta bozen %8,9 jasota 31 legebiltzarkide izango dituen PSL.
POren eta PiSen artean gobernu koalizioa osatzea, ordea, pentsaezina dela dirudi. Izan ere, galeraren berri hartu orduko, Jaroslaw Kaczysnkik jarduneko lehen ministroak adierazi du PiSk «oposizio irmoa» egingo duela.
Ultrakontserbadoreen porrota eta eskuin liberalaren garaipena txalotu dutenen artean dago Poloniako presidente ohi Lech Walesa. «Ohorea berreskuratu dugu», esan du. «Bozak irabazi dituen alderdiak Europako Batasunean egoteak eskaintzen dizkigun aukerak aprobetxatzeko bideak bultzatuko dituela eta gure irudia hobetuko duela espero dut».
EUROPAKO AGINTARIAK POZIK.Kaczynski anaien porrotak poza sortu du EBko agintariengan. Hori argien agertu duenetako bat da Europako Parlamentuko presidente Hans-Gert Poettering: «Europarako keinu baikorra da». Parlamentuan sozialista taldearen buru den Martin Schulzen esanetan, poloniarrek «mezu argia» entzunarazi dute: «Poloniaren geroa EBko beste kideekin lankidetza estu batean dagoela, eta ez jarrera anti-europar sistematiko batean».
Esaera diplomatikoagoa baliatu du, aldiz, Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok, baina Polonian gertatutakoa atsegin zaiola nabaritu da honen hitzetan. «Poloniako herriaren joera europarra» txalotu du Barrosok.
Varsovian agintean jarriko den eskuin liberaleko gobernu berriak EBri buruzko giro aldaketa honen frogarik eman beharko luke aurki. EBn ez ezik, Polonian aginte aldaketa honek ondorio zabalagorik izan dezake, hala nola Iraken okupazioari dagokionez. Ezen, POren gobernu egitasmoan agertzen da Poloniak Iraken oraindik dauzkan 900 militarrak etxeratzea.
SosLaIa
Poloniari irudi ona dakarkiona
Donald TuskKaczysnki anaiekin alderatuta aurpegi liberalagoa agertzen badu ere, ezin daiteke esan Poloniako lehen ministro karguan jarriko den Donald Tuskek aurrerakoi baten figura duenik, ezta gutxiago ere. Berak edo bere alderdiko burukideek orain arte plazaratutako jarrerek eskuin liberalaren egitasmo politikoa diseinatu dute. Platforma Obywatelska(Plataforma Zibikoa) koalizioa europazalea da, baina Europa Batasunaren eredu liberalenen aldekoa. POrenprograma politikoak argi aldarrikatzen du estatu egiturak ahalik eta esku-sartze gutxiena duen merkatu ekonomia bideratzeko asmoa.Era berean, alor ekonomiko guztiez gain, zerbitzu publikoak ere lehiakortasunaren menpe jartzeko joera sustatzen du aginteaz jabetu den indar politikoak.
Tusk 1957ko apirilaren 22an jaio zen Gdansk hirian. Baltikoko portu horretako unibertsitatean bururaino eraman zituen bere ikasketak, kazetari bilakatuta. 1980ko hamarkadan, aginte komunistaren aurka jarri zen Solidarnosc(Elkartasuna)sindikatuko kide egin zen. 1989. urtean, Liberalen Kongresuko buruzagi bihurtu zen. 1991 eta 1994. urteen bitartean, Askatasunaren Batasuneko goi arduradunetatik izan zen, baina koalizio honetatik alde egin zuen, agintari gorena bihurtzeko saioan Brosnilaw Geremeken aurka porrot egin ondoren. 1991 eta 1993 urteen artean, Poloniako diputatu izan zen. Bere karrera politikoak bultzada berria hartu zuen 2001. urtean, PO koalizioaren sortzaileetako bat izan zelarik. 2005. urtean, POko hautagaia izan zen Poloniako presidentetzarako, baina lehen txandan aurrean bazen ere, bigarrenean Lech Kaczynski nagusitu zitzaion. Donald Tusk heriotza zigorraren aurkakoa da, baina abortua legeztatzeari arbuio dio. Ezkondua dago, eta bi haurren aita da. A.S.