Mac Maharaj Presidentetza bozeramaileak azaldu du medikuek "ardura eta zuhurtasun osoz" jokatu dutela, eta baieztatu du biriketako infekzioaren aurkako sendabidea jasotzen ari dela. Orain arte gobernuak ez du jakinarazi zein ospitaletan dagoen Mandela; hedabide asko, ordea, Pretoriako Ospitale Militarraren ateetan bildu dira, han dagoelakoan.
Goizean Hegoafrikako Gobernuak ohar baten bidez adierazi du "ahalik eta sendabide onena" jasotzen ari dela. Jacob Zuma presidenteak "konfiantza osoa" agertu du medikuengan; uste du "ahal duten guztia" egingo dutela Mandela osatzeko. Horrela, "hegoafrikarrei eta munduari" Mandelaren eta haren familiaren alde otoitz egiteko deia egin die Zumak.
Martxo hasieran ospitalean egon zen Mandela, osasun azterketa bat egiteko. Aurretik, abenduan, hiru aste igaro zituen han, biriketako infekzio baten ondorioz.
1918. urteko uztailaren 18an jaio zen Mandela. Sufragio unibertsal bidez aukeratutako Hego Afrikako lehenengo presidentea izan zen. Aurretik, apartheid politikaren aurkako ekintzaile sutsua izan zen; horren ondorioz, 27 urte egin zituen espetxean. Bakearen nobel saria eman zioten 1993an.