«Alemaniaren lotsagarria». Hala deitu zion Angela Merkel kantzilerrak NSU Klandestinitate Nazional-sozialista taldearen aferari. Hamarkada batez bederatzi atzerritar eta polizia bat hil, beste hainbat zauritu eta hainbat lapurreta egin zituen eskuin muturreko erakundearen ekintzak turkiar mafiari leporatu zizkiotelako sistematikoki Alemaniako Poliziak eta zerbitzu sekretu desberdinek. Eta Polizia ikerketa baten ondorioz izan beharrean, taldeko kide bat polizia etxean aurkeztearen ondorioz geratu zelako agerian NSUren ekintza sorta.
Beate Zschape 2011ko azaroaren 8an entregatu zen. Atzo hasi zuten haren aurkako epaiketa, Municheko Lurralde Auzitegian, ehunka poliziaren zaindaritzapean eta dozenaka kazetarien kameraren aurrean. Auzitegi atarian, NSUk hildako pertsonenargazkiak erakutsi zituzten biktimen senideek eta arrazakeriaren aurkako erakundeek.
«Auzi hau gerra osteko garrantzitsuenetako bat da Alemanian», NSUren biktima Enver Simseken senideen esanetan. Epaiketak «dimentsio historikoa, soziala eta politikoa» daukala erantsi dute. Lehen aldia da Alemanian, izan ere, eskuin muturreko talde bati terrorismo delitua leporatzen diotena. Eta epaiketa hasi bitartean jakin da Poliziak 1998tik zuela NSUren berri eta inoiz ez zuela datu gurutzaketarik egin Alemaniako hainbat txokotan egindako atzerritar hilketetan. Utzikeria leporatu diete batzuek segurtasun indarrei eta zerbitzu sekretuei; egitura federalaren egitura gehiegizkoari egotzi diote akatsa besteek; eskuin muturra babestu dutela esan duenik ere bada. Polemikak erasanda, Konstituzioaren Defentsarako Erakunde Federaleko buru Heinz Frommek kargua utzi zuen uztailean.
Lehen hildakoa
Turkiar jatorrikoa zen Enver Simsek, eta NSUk hil zuen lehena, atzo hasi zen epaiketako akusazioaren arabera. Sei tiro jaso zituen 2000ko irailaren 9an, Nurembergeko periferian, kaseta batean loreak saltzen ari zela. Bi pertsonak tirokatu zuten. Tiroketa horretan erabili zuten armetako bat, CZ 83 pistola bat, 2007ko apirilaren 25era bitartean hildako beste bederatzi pertsonen aurkako tiroketetan ere erabili zuten. Biktima gehienak, zortzi, turkiar jatorrikoak ziren; bat greziar jatorrikoa; eta polizia bat izan zen azkena. Beate Zschaepek bere burua Poliziaren esku utzi ostean aurkitu zuten arma hori, Zwickaun (Alemania ekialdea) alokatuta zeukan etxean.
Zschaepek NSUko beste bi kiderekin batera hartu zuen errentan etxe hura. Uwe Boehnhardt eta Uwe Mundlos ziren kideok. 38 eta 34 urte zituzten, hurrenez hurren, eta autokarabana batean aurkitu zituzten, tiroz hilda, Zschaepe polizia etxean aurkeztu baino lau egun lehenago. Bohenhardtek eta Mundlosek beren buruaz beste egin zuten, polizia ikerketaren arabera, eta Zschaepek su eman zion propio Zwickauko etxeari. Bizirik geratzen den NSUko kide bakartzat daukate orain. Bizi arteko kartzela zigorra jaso dezake, bere aurkako karguak frogatutzat jotzen badituzte. NSU talde terroristaren sortzaile eta kide izatea; hamar lagunen hilketan parte hartzea; bi lehergailu zartaraziz beste 28 atzerritar hiltzen saiatzea; lapurreta egitea; eta suteak piztea leporatzen diote, zehazki.
Atzoko epaiketa hasieran, lasai agertu zen akusatua. Inork ez du filtratu polizien aurrean egin dituen deklarazioak. Bideo bat da haren aurkako froga nagusietako bat. NSUren biktimen inguruko bideo bat da, taldeko kideek egina. Bideo horrek ireki omen zituen Alemaniako polizien begiak, atzerritarren kontutzat jotzen zituztenak etxeko neonaziek eragindako hilketak zirela onartzen hasteraino.
Beate Zschaepez gain, beste lau neonazi ari dira epaitzen Munichen: Ralf Wollleben, Carsten Schultze, Andre Eminger eta Holger Gerlach. NSUri laguntza leporatzen diete denei. 488 orrialde ditu akusazio txostenak; 606 lekuko daude deklaratzera deituta; eta epaiketak gutxienez 2014ko urtarrila arte iraungo du.
Neonazien aurkako epaiketa hasi da Munichen, Poliziaren lanari buruzko susmo artean
Zerbitzu sekretuek eta segurtasun indarrek turkiar mafiari egotzi ohi zizkioten NSU taldearen hilketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu