Hitlerren bigarrena izan zen Rudolf Hess; nazismo garaiko Alemaniako ikur handia, inondik inora. Eta nazismo garaian ikur handia izan bazen, bere heriotzaren ondotik are handiagoa izan da egungo neonazientzat, martiritzat baitaukate. Izan ere, Nurembergeko Auzitegiak bizi osorako espetxe zigorra ezarri zion Hessi, eta 1987ko abuztuaren 17an, espetxean 46 urte pasa ondoren eta 93 urte zituela, bere buruaz beste egin zuen Hessek. Hark nahi bezala, Bavariako hilobi batean lurperatu zuten, Alemania hegoaldean.
Hala, Hess lurperaturik zegoen lekua peregrinazio leku bilakatu zen neonazientzat, eta haren heriotzaren urteurrena manifestaldiak antolatzeko erabiltzen dute.
Alemaniako Gobernuak hainbat ahalegin egin ditu Hessen hilobia neonazien bilgune izan ez dadin. Besteak beste, 2005ean parlamentuak debekatu egin zuen Bavariako hilobian haren aldeko elkarretaratzeak egitea. Neonaziek, ordea, entzungor egin zioten debeku neurri hari.
Atzo, Hitelerren aurkako erresistentziaren eguna izanik, Hessen hilobia suntsitu eta haren hezurrak atera zituzten; erre, eta itsasora botako dituzte errautsak. Ikusteko dago, ordea, hilobia suntsitu arren, neonazien grina baretzea lortuko ote duten azkenean. •
Pertsonaia. Rudolf Hess
Neonazien martiria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu