Mundua

Nepalgo gerran desagertutako 1.227 lagunen zerrenda argitaratu du Gurutze Gorriak

1996 eta 2006 artean desagertu ziren. Nepalgo Gobernua atontzen ari den legea ez da atzeraeraginezkoa izango, eta, hortaz, ezingo dituzte urte horietako desagerketen erantzuleak epaitu.

2008ko abuztuaren 28a
18:32
Entzun
Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak Nepalgo gerran (1996-2006) desagertutako 1.227 lagunen zerrenda argitaratu du gaur, eta Gobernuari exijitu dio haien nondik norakoak argi ditzala.

"Ezinbestekoa da Nepalgo agintariek beharrezko mekanismoak martxan jartzea, desagerrarazitakoen senideek dituzten lege arazoak konpontzen laguntzeko", adierazi du gaur Katmandun Gurutze Gorriaren ordezkari Mary Wernzek.

Gerrilla komunista maoistak eta Nepalgo armadak urte horietan izandako gerran 13.000 lagun inguru hil ziren.

Desagerrarazitakoen %91 gizonezkoak dira, eta gainerako %9 emakumezkoak, Gurutze Gorriak Nepalen duen ordezkari Bijan Farnoudik zehaztu duenez.

Gurutze Gorria 1999an hasi zen desagertu eta desagerrarazien zerrendak osatzen.

2006ko azaroan maoistek eta orduko gobernuak hitzartutako bake akordioaren arabera, goi mailako batzorde bat eratuko zuten desagertuen kasuak argitzeko. Halere, oraindik ez dago auzi horri aurre egiteko legerik, eta Gobernua atontzen ari dena ez da atzeraeraginezkoa izango, eta, hortaz, ezingo dituzte urte horietako desagerketen erantzuleak epaitu.

Bake prozesuaren ondorioz aurten Asanblea Konstituziogilerako hauteskundeak egin dituzte Nepalen. Gerrillari ohiek osatutako alderdi maoista nagusitu da. Hain justu, lehen ministro izendatu berri dute Pushpa Kamal Dahal, Prachanda goitizena daraman buruzagi gerrillari ohia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.