Nepalgo lehen ministroak erran du «gerrarako prest» daudela

Gobernuburuak adierazi du «baliabide mugatuak» dituztela lurrikararen ondorioei aurre egiteko, eta ezin dietela «beti» erantzun erreskate deiei.Hilak 5.000 baino gehiago dira

Soldaduak erreskate lanetan laguntzen, atzo, Shakun. ABIR ABDULLAH / EFE.
mikel rodriguez
2015eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Baliabide eskasekin, atzerriko laguntzaren mende, eta oraindik errepliken beldur. Nepal hagitz egoera larrian dago, agintariek eta bertan lanean ari diren erakundeek ohartarazi dutenez. «Baliabide mugatuak ditugu, eta ahal den hobekien ari gara horiek mobilizatzen», adierazi du Sushil Koirala lehen ministroak. «Beharrezkoa «egiten ari direla erran du, baina onartu du «bitartean akatsak ere» egiten ari direla. Hala ere, lehen ministroak erran du gobernua «gerrarako prest» dagoela. Aitzineko egunetako joera jarraitu, eta larunbateko lurrikararen ondorioz hildakoen kopuru ofiziala berriz ere handitu da: 5.000tik goiti dira orain.

Gobernuak fronte anitzi egin behar die aurre: hildakoak, zaurituak, erreskatatu beharrekoak, desplazatuak, azpiegiturak, hornigaiak... NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, neurri handiagoan edo txikiagoan, zuzenean zortzi milioi herritarri eragin die lurrikarak; hau da, Nepal osoko biztanleen laurdenei baino gehiagori. Barne Ministerioak hildakoen kopuru zehatza 5.057koa dela erran du, eta zaurituak ia 11.000. Barne desplazatuen kopurua, berriz, nabarmena da: 450.000. Indiak herenegun adierazi zuen 8.000 nepaldar errefuxiatu zirela mugaren bertze aldean. 100.000 soldadu inguruko armadaren %90 dauka mobilizatuta Nepalek, erreskate eta laguntza lanetan aritzeko. Baina ez du aski, eta gobernuak kritika gogorrak jaso ditu. Koirala lehen ministroak onartu du ez dauzkatela «behar bertzeko tresneria eta adituak» egoerari aurre egiteko. «Toki guztietatik ailegatzen zaizkigun erreskate deiei ezin diegu beti erantzun». Koirala Indonesian zegoen lurrikara gertatu zenean, Afrikako eta Asiako herrialdeen arteko goi bileran. Biharamunera arte ez zen joan Nepalera, eta atzora arte ez zuen adierazpenik egin jendaurrean.

Sortu den polemiketako bat da bertako herritarren eta mendizale atzerritarren erreskateen ingurukoa. Garaiera handiko herrixketan bizi diren milaka herritar inkomunikatuta daude, laguntzaren esperoan, eta ez dago anitzen egoeraren inguruko berri zehatzik. Adhiya Singhal Katmanduko ospitale nagusiko medikuak Espainiako Efe agentziari adierazi dio atzo hasi zirela ailegatzen horrelako guneetako lehenbiziko herritarrak. Gobernuak lehenbiziko egunetik erran zuen ez zeuzkala behar adina helikoptero erreskateetarako. Konpainia pribatuek ere badute helikoptero flota. «Katmandu haranean eta inguruko eskualdeetan hondamendia anitzez handiagoa izan da [Everesten baino]», adierazi dio Reinhold Messner alpinista tiroldar historikoak Le Monde egunkariari. «Zinikoa da halako zalaparta sortzea igoera batengatik 100.000 dolar [92.000 euro] ordain ditzaketen mendizaleengatik». Iritzi berekoa da Peter Habeler austriarra ere, Messnerrekin batera Everest oxigeno bonbonarik gabe igo zuen lehenbizikoa (1978). «Everesten dauden guztiek aseguruak dauzkate. Helikoptero konpainiek badakite ordaina jasoko dutela, eta badakite baita ere ez dutela deus jasoko nepaldar arrunten eremuetara joaten badira», adierazi dio Le Monde-ri. Lurrikara gertatu zenean, 150 mendizale zeuden Everesteko 1 eta 2 kanpamentuetan; hemezortzi hil ziren, eta 61 zauritu. Zauritu guztiak atera dituzte menditik, Larrialdietarako Operazio Zentro Nazionalak jakinarazi duenez.

96 orduko langa gaindituta

Nepalgo iturrien arabera, eguraldia txarra da lurrikarak hondatutako eremuetan, eta errepide anitz itxita daude lur-jausien ondorioz. Horregatik, erreskate taldeak ezin dira ailegatu herri anitzetara. Atzo igaro ziren 96 ordu astinaldi nagusia gertatu zenetik; horregatik, Arjun Katoch NBEren hondamendietarako agentziako ordezkariak ohartarazi du zaila izanen dela inor gehiago bizirik ateratzea hondakinen azpitik. Lurrikararen erreplikek arriskua eta beldurra sortu zuten atzo ere. Nepalgo Sismologia Zentro Nazionalaren arabera, larunbatetik atzo eguerdira arte ia ehun erreplika gertatu ziren. Larunbateko lurrikarak Richter eskalan 7,8 graduko indarra izan zuen —10 puntu ditu eskalak—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.