«Zazpi alderdien aliantzari eskatzen diogu Gobernuaren ardura izango duen lehen ministro kargurako izen bat proposatzeko, lehenbailehen», adierazi du Gyanendra erregeak, telebista publikoak plazaratutako deklarazio batean, «eta demokraziaren ibilera egokia ordezkaritza egiturak berriro indarrean jartzearekin eta hauteskundeak lehenbailehen antolatzearekin gauzatu behar da». «Herriari aginte boterea bueltatzen diogu», aldarrikatu du; «alderdi politikoen aniztasunean oinarritutako demokrazia batean eta monarkia konstituzionalaren esparruan jardungo dugu». Haatik, oposizioko indarrek aukeratutako lehen ministroa agintean jarri bitartean, erregearen aldeko gobernuak jarraituko du jardunean.Erregearen iragarriaren berri hartu aurretik, dozenaka mila nepaldar atera dira Katmandu hiriburuko eta herrialdeko beste hirietako kaleetara. Oposizioko zazpi alderdi politiko bateratzen dituen aliantzak deituta zeuzkan, etxean geratzeko aginduari aurre egiteko. Deiari erantzunda, jendolde gaitza elkarretaratu da Katmanduko hainbat bazter auzotan, eta hiriaren erdialderat jo dute guztiek. Kazetariek eta beste begirale batzuek egindako zenbaketen arabera, 350.000 lagun inguru atera dira Katmanduko kaleetara. Gyanendraren gobernuak etxean geratzeko agindua atzo arratseko 20:00ak arte (15:15 Euskal Herrian) luzatu bazuen ere etxean geratzeko agindua eta kalera jaisteko debekua, protestaldiak ez dira bezperakoak bezain odoltsuak izan. Haatik, gizonezko bat hil da Katmandutik 500 kilometrora, Gulariya hirian, Polizia indarrekmanifestazio baten kontra gogor eginda. Herenegun, aldiz, lau lagun hil ziren eta dozenaka zauritu Katmandun, Poliziak manifestarien kontra tiro eginda. Azken bi asteotan gertatu diren protestaldien aurka Poliziak gogor egitearen ondorioz, gutxienez 15 herritar hil dira, oposizioak jakinarazi duenez. Honek eperik gabeko greba orokor batera deitu zuen apirilaren 6an, Gyanendra erregeak demokraziaren arauak berriro errespeta zitzan exijitzeko. Protestaldi honi sostengua eman dio 1996. urteaz geroztik borroka armatuan diharduen gerrilla maoistak. Gobernua eta Katmanduko Legebiltzarrean ordezkatutako indar politikoak gerrilla honi aurre egiteko gai ez zirelako aitzakian, botere osoazjabetu zen Gyanendra erregea, 2005eko otsailaren 1ean. Orduz geroztik askatasun guztiak etenda daude, eta esparru konstituzionalean jarduten zuten oposizioko indarren jarduerak ere galarazi ditu Gyanendraren manuetako gobernuak. Atzo bertan gerrilla maoistarekiko hizketan esku hartu zuten oposizioko bi burukide atxilotu zituen Nepalgo Poliziak, Indiatik bueltan zirelarik.
Kanpotik, presioak erregeari
Indiak, hain zuzen, esku-hartze nabaria izan du Nepalgo gatazkari irtenbide bat aurkitzeko ahaleginetan. Hala, New Delhik Katmandura bidalitako Karan Singh mezulari bereziak Manmohan Singh lehen ministroaren ohartarazte mezu bat ekarri zion joan den asteazkenean Gyanendra erregeari. Indiako Gobernuaren ordezkariak oposizioko indarren aliantzako arduradunekin ere hitz egin du, herenegun New Delhira bueltatu aurretik. Indiara iristean, Karan Singhek jakinarazi zuen Gyanendra erregeak «iragarri garrantzizko bat» egingo zuela.
Indiako agintarien ohartarazteez gain, Ameriketako Estatu Batuen aldetik ere presioak izan ditu Nepalgo erregeak. Hala,Katmandun AEBetako enbaxadore James Moriartyk hauxe adierazi du, Gyanendrak iragarria egin aurretik: «Denbora joaten ari zaio; erregeak agintea galduko du, lehenbailehen zerbait egin ezean».
Zenbaiten ustez, baina, botere osoa utzi eta demokrazia berriro ezarrita ere, Gyanendra erregeak berea egina du. Hala, oposizioa sustatzen duen Kathmandu Post egunkariaren atzoko editorialak hauxe dio: «Erregea buelta eman ezinezko punturaino iritsi da; herriaren subiranotasuna errespetatzen badu ere, litekeena da 237 urte hauetan dirauen errege aginteari eusteko aukerarik ez dezan izan, ezen inongo agintek ez dezake aurrera jarraitu jende errugabea hil ostean».
Krisi politikoa
2001eko ekainaren 1a: Birendra erregea eta errege familiako zortzi kide hil ziren eraso batean.
2001eko ekainaren 4a: Birendra errege ohiaren anaia, Gyanendra printzea, errege bilakatu zen.
2002ko urriaren 4a: Gyanendrak1999an hautaturiko Legebiltzarra eta Gobernua desegin zituen.
2004ko apirilaren 6a eta 7a: Greba orokorra egin zuten nepaldarrek, gerrilla maoistak deituta.
2004ko maiatzaren 7a: Surya Bahadur Thapa lehen ministroak dimisioa eman zuen.
2004ko maiatzaren 11 eta 12a: Greba orokorra izan zen, alderdi politikoek deituta.
2004ko maiatzaren 31: Erregeak lehen ministroa izendatzeko ultimatuma eman zien alderdiei.
2004ko irailaren 22a: Oposizioko jarraitzaileen kale protestaldiak.
2005ko otsailaren1a: Erregeak Gobernua desegin zuen, larrialdi egoera indarrean jarri, eta oposizioko buruak atxiloarazi.
2005ko azaroaren 22a: Oposizioak eta gerrilla maoistak itun politiko bat egin zuten.
2006ko otsailaren 6a: Udaletako bozetan, %22ko parte-hartzea.
2006ko apirilaren 6a: Oposizio indarrek greba orokorrera eta kale protestetara deitu zuten.
2006ko apirilaren 21a: Alderdiek Gobernua beren esku hartzea onartu zuen erregeak.