"Hitelerrek ez zituen juduak deuseztatu nahi, soilik kanporatu nahi zituen. Haj Amin al-Husseinik Hitlerri esan zion: 'Juduak kanporatzen badituzu Palestinara etorriko dira'", adierazi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gaur Jerusalemen egin duten sionismoaren munduko kongresuan. Egoera horren aurrean, Netanyahuk azaldu du Hitlerrek zer egin zezakeen galdetu ziola Al-Husseini, eta honen erantzuna argia izan zela: "Erre itzazu".
Adierazpen horiek erreakzio andana eragin dute, baita Israelen bertan ere. Isaac Herzog oposizioko buruak esan du "aldaketa historiko arriskutsua" dela Netanyahuk egindakoa. "Adierazpen horiek Holokaustoa minimizatzen dute. Baita Nazismoa eta Hitlerren ardura ere". Sare sozialetan eztabaidak piztu dira. Hala ere, ez da lehen aldia Netanyahuk gisa horretako adierazpenak egiten dituenik, 2012an antzeko salaketa egin baitzuen.
Ayman Odeh Arabiar Zerrenda Batuko buruak lehen ministroaren jarrera deitoratu du. "Munstro naziaren biktimak, tartean milaka judu, bakearen aurkako propaganda merke bilakatu ditu".