Netanyahuk NBEri eskatu dio Irani «marra gorri bat» ezartzeko

Israelgo lehen ministroaren ustez, Teherani ezarritako zigorrek ez dute nahikoa fruitu eman

Erredakzioa
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak hitz egin eta 24 ordura, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren txanda izan da. NBEri eskatu dio Irani «marra gorri bat» jartzeko, New Yorken egiten ari diren Batzar Nagusian: «Horrela bakarrik geldituko lukete plan nuklearra». Netanyahuren ustez, «munduko bakearentzat mehatxurik handiena litzateke» Teheranek arma nuklear bat edukitzea.

Israelgo lehen ministroak adierazi du dagoeneko berandu izan daitekeela, «oso berandu», Iran aurrera eramaten ari den programa nuklearra gelditzeko, uste baitu hurrengo uda baino lehen nahikoa uranio aberastuko duela arma nuklear bat lortzeko. Hori saihesteko konponbide «baketsu» gisa proposatu du Netanyahuk mugak jartzea: «Diplomaziak ez du funtzionatu, ezta Irani jarri zaizkion zigor gogorrek ere. Bitarte horretan denbora irabazi du Teheranek». Irudi batean aurkeztu du bere proposamena Netanyahuk.

Avigdor Lieberman Israelgo Gobernuko Atzerri ministroaren arabera, Netanyahuk NBEn Batzar Nagusian egindako azalpen horiek Iranen programa nuklearra geldiarazten lagunduko dute: «Aurkeztu duen irudiak sinplea dirudi, baina helarazi nahi duen mezua argia da. Hitzaldiak mundu osoko iritzi publikoan eragingo du». Bestalde, Liebermanek esan du kontuan hartu behar dela Barack Obama AEBetako presidenteak auzi horretan duen iritzia ere. Obamak aste honetan bertan adierazi du Iranen programa nuklearraren gaia «serio» hartzen duela, eta Irani arma nuklearrez jabetzen ez diola utziko.

Obamaren deia, Netanyahuri

Hain zuzen ere, gaur Netanyahurekin telefonoz hitz egiteko asmoa du AEBetako presidenteak. Hala jakinarazi du Etxe Zuriko bozeramaile Jay Carneyk. Ohar batean, gainera, gezurtatu egin du Obamak NBEren batzarrean Netanyahurekin biltzea saihestu duenik. AEBetako hainbat hedabidek Obamari egotzi diote Israelgo lehen ministroarekin biltzea saihestu duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.