Netanyahuk oraindik ere eskura dezake Israelgo agintea

Koalizio gobernua osatzeko babes bila, Lieberman ultraeskuindarrarengana jo dute Kadimako eta Likudeko buruzagiek

2009ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Israelen hautestontziak herenegun itxi bazituzten ere, Tzipi Livnik eta Benjamin Netanyahuk lehian jarraitzen dute; orain, koalizio gobernua osatzeko babes gehiago nork lortuko. Livniren Kadima alderdiak eta Netanyahuren Likudek eskuratu dute boto gehien bozetan, eta, beraz, eserleku gehien Legebiltzarrean; 28 eta 27, hurrenez hurren. Botoen %99 zenbatu ondorengo emaitzak dira. Horiek hala, beraz, Shimon Peres presidenteak bietako bati aginduko dio Gobernua eratzeko; haren bozeramaile Ayelet Frichen arabera, otsailaren 20an. Baina aurretik, eserlekuak lortu dituzten alderdiei kontsultatu behar die nor duten nahiago lehen ministro kargurako. Hasiera batean irabazleak izan beharko luke gobernuburu; Livnik, beraz. Baina Kadimak eta Likudek legebiltzarkide bakarreko aldea dutela ikusita, koalizio sendoena eskuratzeko gai dena izenda lezake Peresek lehen ministro.

Hori jakinda, Livni eta Netanyahu hasiak dira beste alderdietako buruzagiekin negoziatzen. Eta biek Avigdor Lieberman ultraeskuindarrarengana jo dute. Horren Yisrael Beiteinu alderdia da, izan ere, koaliziorako diputatu gehien eman dezakeena. Bozetan hirugarren postuan geratu da, hamabost eserlekurekin, Ehud Baraken Alderdi Laboristari lekua kenduta. Liebermanek ez du ez bataren eta ez bestearen alde egin oraindik. Yisrael Beiteinuko kideak atzo biltzekoak ziren, nor babestu erabakitzeko.

Liebermanekin ez ezik, Shaseko buruzagiarekin ere bildu zen atzo Netanyahu. Parlamentu berriko 120 diputatuetatik 11 alderdi ultraortodoxo horretakoak izango dira. Ehud Olmertekin koalizio gobernuko kide zen Shas, baina Livni ez duela babestuko aurreratu du horko liderrak, Eli Yishaik. «Bozen aurretik, lehen ministrorako Benjamin Netanyahu gomendatzeko konpromisoa hartu genuen. Eta emaitzak ikusita, eutsi egiten diogu horri: gobernu eskuindarraren alde egin du herriak». Netanyahuk 65 legebiltzarkideko koalizioa osatuko luke, aliatu natural guztiek bere alde egingo balute, hau da, Yisrael Beiteinu, Shas, Tora Judaismo Batua, Batasun Nazionala eta Juduen Etxeak. Livnik, berriz, 55ekoa. Eta 61 eserleku behar dira gehiengo osoa izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.