«Koordinaziorik, dokumentaziorik eta prestakuntzarik gabe hartu zituzten erabakiak». Horixe ondorioztatu du Micha Lindenstrauss Israelgo Estatuaren gainbegiratzaileak 2010eko Askatasunaren Flotillaren erasoaren inguruan kasik bi urteko ikerketa egin ondoren. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari egotzi dio erasoaren erantzukizuna, eta «axolagabe» aritzea leporatu dio Lindenstraussek.Erabakiak hartzerakoan «huts nabarmenak» egin zituela adierazi du txostenean.
Estatuaren gainbegiratzailearen esanetan, behin baino gehiagotan ohartarazi zioten Netanyahuri Askatasunaren Flotillari eraso egiteak ondorio larriak eragin zitzakeela. Lindenstraussek txostenean bildu duenez, Gabi Ashkenazi armadako orduko buruzagiak jakinarazi zion itsasontziak kontrolatzeko indarra erabili beharko zutela. «Ameslariek baizik ezin dute sinetsi komando bateko hogei kide 400 lagun dauden itsasontzi batean sartu eta txaloka hartuko dituztela». Lehen ministroak, baina, ez zuen jaramonik egin, eta 2010eko maiatzaren 31n nazioarteko konboiari eraso egiteko agindua eman zuen. Gazara giza laguntza eramateko helburua zuen flotillak, eta ordurako hiru urtez iraun zuen blokeoa amaitzea. Bederatzi itsasontzitan 750etik gora ekintzaile zeramatzan Askatasunaren Flotillak, eta Israelgo armadak bederatzi lagun hil zituen eraso hartan, guztiak Turkiako Mavi Marmara itsasontzian zihoazenak.
Banakako erabakiak
Erakunde guztien parte hartzea bultzatu beharrean lehen ministroak Ehud Barak Defentsa ministroarekin eta Avigdor Lieverman Atzerri ministroarekin bilera pribatuak egin izana ere kritikatu du Israelgo Estatuaren gainbegiratzaileak ikerketaren ondorioetan. Netanyahuk eta Barakek banakako erabakiak hartu zituztela gaineratu du, besteen oharrei entzungor eginez. Baraki leporatu dio armadako goi kargudunek erasoari alternatibak proposatzeko prozesua oztopatu izana. Gainera, bi agintarien arteko bileren agiririk ez dagoela dio txostenean, eta ondorioz bileretan parte hartu ez zuten ministroek flotillaren auziaren inguruan zer zekiten jakiterik ez dagoela.
Nazioarteko konboia abiatu aurretik eta flotilla erasoz hartzeko agindua eman baino lehen bide diplomatiko guztiak ez zituela erabili ere nabarmendu du Lindenstraussek. Hain justu, jakinarazi du konboia itsasoratu baino aste batzuk lehenago Ashkenazik eskutitz bat igorri ziola lehen ministroari, indarkeria erabili aurretik flotillaren misioa diplomazia bidez «zapuzten ahalegintzeko» eskatzeko.
Israelen bertan 2010eko maiatzaren 31ko gertakarien inguruan egin dituzten ikerketetan hirugarrena da Israelgo Estatuaren gainbegiratzailearena. Legebiltzarraren aginduz erakunde publikoen jarduna gainbegiratzeko ardura du horrek. Gobernuak jarritako traben gainetik egin duela nabarmendu du. Dena den, ikerketa honen ondorioz ez da espero erasoaren erantzuleei justizia erantzukizunik eskatzea, nahiz eta beste zenbait kasutan Estatuaren gainbegiratzailearen ikerketen ostean legea urratu dutenek Justiziaren aurrean erantzun behar izan duten.
Bertsio kontrajarria
Lindenstraussen ondorioek Netanyahuk gertakarien inguruan eman duen bertsioa gezurtatzen du. Izan ere, lehen ministroak emandako azalpenen aurka egiten dute txostenean bildu dituen dozenaka adibidek. «Armada prestatuta ez egotearen aukera ez zen aipatu ere egin», adierazi zion Netanyahuk Estatuaren gainbegiratzaileari.
Operazioarekin liskarrak lehertzeko arriskua zegoenik inoiz inork aipatu izana ere ukatu egin du lehen ministroak. Lindenstraussek, baina, agerian utzi duerasoa egin aurretik zazpi ministrorekin azken bilera egin zuela —horiek eskatuta— eta hiruk gutxienez kezka adierazi zutela. Horrez gain, segurtasun arduradunek ohartarazi zioten operazioa baketsua ez zela izango, ikerketan biltzen denez. Lindenstraussen arabera, flotillako ekintzaileek armadari aurre egingo ziotela argi eta garbi adierazi zioten Netanyahuri, eta baita horiekin «gatazka» lehertuko zela ere.
«Zigor kolektiboa»
Bost urte bete dira Israelek Gazaren aurkako erabateko blokeoa hasi zuenetik, eta urteurrenaren harira eginiko adierazpenetan blokeoa «zigor kolektiboa» dela salatu du NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Arazoetako idazkariorde Valerie Amosek.
«Palestinarren %80k giza laguntzaren beharra daukate», adierazi du Amosek. Blokeoa oinarrizko giza eskubideen ukazioa dela nabarmendu du, eta nazioarteko legea urratzen duela. Oinarrizko zerbitzuak eta azpiegiturak mantendu ahal izateko blokeoa lehenbailehen kentzeko eskatu dio Amosek Tel Avivi. «Zibil guztiek, palestinarrek nahiz israeldarrek, bakean bizitzeko eskubidea dute, segurtasunean eta duintasunez, indarkeriaren beldurrik izan gabe».
2007ko ekainean ezarri zuen Israelek Gazaren aurkako blokeo gogorra, Hamasek boterea eskuratu zuenean.
Netanyahuri flotillaren erasoan «axolagabe» jokatzea egotzi diote
Israelgo Estatuaren gainbegiratzailearen ikerketan ondorioztatu dute Israelgo lehen ministroak «hutsak» egin zituelaGazako blokeoaren bosgarren urteurrenean, NBEk salatu du «zigor kolektiboa» dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu