Clintonek botoen %39 jaso ditu, eta Obamak %36, bera faboritoa zen arren. John Edwardsek botoen %17 bildu ditu, eta hirugarren lekuan geratu da. Haien atzetik geratu dira Bill Richardson (%5) eta Dennis Kucinich (%3).
Hala, New Hampshireko emaitzekin indar berria hartu duAEBetako presidentetzarako hautagai gisa lehiatzeko Clinton buru duen kanpainak. Izan ere, aurreko astean Iowa estatuan eginiko caucus moduko bozketan nabarmen porrot egin zuen ordu arte demokraten presidentegai ia ziurtzat jotzen zutenak. Obamarentzat (Illinoisko senataria) izan ziren Iowako demokraten boto gehienak, eta Edwards izan zen bigarren. AEBetako presidente ohi Bill Clintonen emazte eta New Yorkeko senataria hirugarren postuan geratu zen, eta bere aukerak galdu zituela iragarri zuten aditu batzuek.
«Clinton senataria zoriondu nahi dut, gogor borrokatutako garaipenarengatik. Lan nabarmena egin du», esan zuen atzo Obamak.
Alderdi Errepublikanokoan, McCainentzat izan dira botoen %36. New Hampshire estatu kutuna duela dirudi, 2000n ere Etxe Zuriko egoiliar izateko lehiatu zenean erraz irabazi baitzion gerora AEBetako presidente izan denari, George Bushi: 20 puntuko aldea atera zion ordu hartan.
McCainen gibeletik Mitt Romney geratu da, botoen %32rekin, eta ondotik, Mike Huckabee (%11), Rudolph Giuliani New Yorkeko alkate izandakoa (%9), Ron Paul (%8) eta Fred Thompson (%1).
Hurrengo lehia hilaren 15ean izango dute hautagaiek, Michigan estatuko primarioetan, eta geroago, 19an, Nevadako caucus-ak izango dituzte, baita errepublikanoen primarioak ere Hego Karolinan.
Nevadan, Obamak jada SEIU Zerbitzuetako Langileen Nazioarteko Sindikatuaren sostengua jaso du, Clintoni aurre egiteko.
BOTO-EMAILE INDEPENDENTEEN PISUA. Bozkalekuetako inkestetan oinarrituta, USA Today egunkariak azaldu du boto-emaile independente askok, Obama demokrata gustuko izan arren, errepublikanoen primarioetan bozkatzeko erregistratu, eta horietan eman dutela botoa, McCainen alde.
Errepublikanoen primarietan esku hartu dutenen %33 baino gehiago boto-emaile independenteak dira. Demokraten primarioetan, aldiz, %40tik gora izan dira boto-emaile independenteak. Independenteek bi alderdi nagusion zein primariotan bozkatu nahi duten hauta dezakete.
HemeroTeKa
Iowan galtzaile atera zirenek, hots, Hillary Clintonek eta John McCainek, New Hampshiren aurrera egin dutela nabarmendu du AEBetako prentsak.
'The New York Times'
Clinton da garailea, Obama atzera botata; McCain ere nagusitu da
New Yorkeko senatari Hillary Rodham Clintonek, emakumezkoen sostengu olatu baten gainean, ezusteko garaipena lortu du, Barack Obama senatariaren kaltean, New Hampshireko demokraten primarioetan. Errepublikanoen primarioetan, Arizonako senatari John McCainek presidentetzarako bere eginahala biziberritu du, Lazaroren [berpizkundearen] antzeko garaipen batekin.(...) New Hampshireko hainbat emakumek -horietako asko asteartea arte zalantzati zeuden- esan dute berentzat une kitzikatzailea izan zela Clinton andreak astelehenean ezohiko emozio adierazpena egin zuenean, lehiaren presioak eta herrialderako dituen helburuak deskribatu zituelarik.
'The Boston Globe'
Eskarmentua aintzat hartzekoa da
Azkenean, eskarmentua ezinbestekoa izan da. Urtarrilean ezohikoa den astearte epel batean, New Hampshireko boto-emaileak kopuru handitan joan dira bozkatzera. Atzoko [herenegungo] primarioak John McCain errepublikanoaren presidentetzarako eginahala biziberritu du; ekimen galdua zirudien. Baina parte-hartze arloko gorakada Barack Obama laguntzeko -joan den astean hark irabazi zituen demokraten caucus-ak Iowan- izango zela uste bazen ere, urtarrilaren 8a Hillary Clintonen eguna bilakatu da.Parte-hartze handia New Hampshireko boto-emaileen prestasunaren lekukoa da; hauek serioski hartzen dute beren rola,AEBetako hautesleriarentzako arretagune talde gisa. Emaitzek iradokitzen dute New Hampshireko boto-emaileek garrantzi handiagoa ematen diotela hautagai baten ibilbideari Iowako boto-emaileek baino, eta estatuan urteetan eginiko kanpainek fruitua eman dutela, hala Clintonentzat nola McCainentzat.
'The Washington Post'
Arizonako senatariarentzako bigarren ekite garrantzitsua
John McCainen 2008ko kanpainaren arduradunak iaz abian jarri ziren Arizonako errepublikanoa bart [herenegun gauean] aurkitu zen egoera saihesteko: New Hampshiren irabazle, baina sakelan diru gutxirekin, herrialdean barrena presentzia gutxirekin, eta esperantza bakarrarekin: uneko bultzadak Etxe Zurira eramatea.(...) «Bihar berriro hasiko gara», esan zien McCainek bere jarraitzaileei bart [herenegun].
(...) Orain bere jarraitzaileek ere beren buruari galdetzen diote ea adrenalinak bultzatutako kanpaina eremu nazional osora eramateko gai izango den; duela zortzi urte ezin izan zuen eraldaketa hori gauzatu.