New Orleansen urak lau metro igo daitezkeela ohartarazi dute adituek

Etxea uztera behartu dituzte bi milioi estatubatuar Louisianan, 'Katrina' urakanak eragin zituen kalteen modukorik ez izateko

2008ko irailaren 2a
00:00
Entzun
New Orleans hiria hutsik topatu du Gustav-ek, AEB Ameriketako Estatu Batuetara heltzean. Atzo arratsaldean iritsi zen urakana herrialdearen hego-ekialdera, euria igande iluntzean hasi bazen ere. Mexikoko Golkoan kostaldea duen Louisiana estatua jo zuen bete-betean. Baina hango biztanle ugarik aurrea hartua zioten. Sortu zenetik gutxienez 96 hildako eragin dituen urakanari ihes egite aldera, bi milioi lagunek utzi dituzte euren etxeak estatu horretako kostaldeko eremuan; tartean, New Orleansko biztanleek. Louisianako poliziek jakinarazi dutenez, hiriko 300.000 bizilagunetatik 10.000 baino ez dira geratu bertan. Etxeratze agindua dute haiek, gainera, igandeaz geroztik. Horiez gain, 7.000 polizia ere badaude hirian, hutsik dauden etxeetan eta dendetan lapurretarik egin ez dezaten.

Agintariek «derrigorrezkotzat» jo zuten neurria, duela hiru urte Katrina urakanagatik gertatutakoa errepika ez dadin. Milaka hildako eragin zituen 2005eko abuztuan Katrina-k. «Orain da ihes egiteko unea», ohartarazi du Louisianako gobernadore Bobby Jindalek. «Ez fidatu, esan dutena baino okerragoa izan daiteke, askoz okerragoa». Era berean, New Orleansko alkate Ray Naginek Gustav «mende honetako ekaitza» izan daitekeela esan du.

Horren aurrean, Katrina-rekin kontuan izan ez zuten beste neurri bat ere jarri dute abian. Dikeak altxa dituzte AEBetako armadako ingeniariek. Jindalek, ordea, «nahi baino emaitza kaxkarragoak» izan dituztela aitortu du. Horiek hala, uholde handiak espero ditu; 2005ekoen parekoak: lau metroko altuerako urak.

Bost eguneko «bizia»

Miamin dagoen Urakanen Zentro Nazionalak «urakan alerta»ezarri du Texas estatuko High Island hiria eta Alabama eta Mississippi estatuen arteko muga bitartean dagoen eremurako. Dena den, gaurtik aurrera Gustav indarra galduz joango dela espero dute. Adituen arabera, ekaitza bilakatu da gaur, eta bihartik aurrera depresio tropikala izango da, bost egunen buruan desagertu arte.

AEBetara iritsi aurretik, kalte ugari eragin ditu Gustav-ek. Gutxienez 96 hildako laga ditu bidean -Haitin, Dominikar Errepublikan, Jamaikan eta Kaiman irlatan-, baita kalte material ugari ere. Mexikoko Golkoan, esaterako, petrolio eta gas konpainiak bertan duten plataformetan kalteak eragin ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.