AEBetarako ezker muturrekoa iduri dezakeen mezu batekin, New Yorkeko alkatetza eskuratu du Bill de Blasio hautagai demokratak. Michael Bloomberg milioidunaren hamabi urteko agintaldia amaitu du Nikaraguako sandinismoaren jarraitzaile izan zenak, Joe Lhota errepublikanoari ia 50 puntuko aldea etarata: botoen %73,3 jaso ditu De Blasiok, eta %24,3 Lhotak. 'Bi hirien historia' leloarekin, Bloombergen urrezko aroak azpiratuta utzi dituen herritarren arazoei heldu nahi diela argi utzi du Di Blasiok.
Urtebetean herri abokatu ezezagun bat izatetik munduko hiri ezaguneneko alkate izatera igaro da Di Blasio. Gizarte justuago baten aldeko mezuarekin, aberatsenei zergak igotzeko asmoa agertu du, eta herritarren babesa jaso du. "Bide aurrerakoiaren alde egin dute herritarrek", esan zuen garaipena ospatzeko ekitaldian. Lau bototik hiru eskuratu ditu.
New Jerseyko eta Virginiako gobernadoreak
New Yorkeko alkateaz gain, New Jerseyko eta Virginiako gobernadoreak ere aukeratu zituzten atzo AEBetan. New Jerseyn, Chris Christie errepublikano moderatuak botoen %60,5 eskuratu ditu, eta gobernadore postuari eutsi dio. Nabarmen joera demokrata duen estatu batean hain garaipen argia lortuta, 2016ko presidentetza bozetarako lehian sartu da Christie.
Zentroa bilatu du kanpainan, AEBetako Kongresuak osasun erreformaren aferagatik administrazioa geldialdira behartu duen garaian, eta emakumeen eta hispanoen botoez gain, afroamerikarren artean ere babesa lortu du Christiek.
Virginian, aldiz, errepublikanoek kolpea jaso dute, Tea Party-ren sokatu hautagai Ken Cuccinellik galdu egin baitu Terry McAuliffe demokrataren aurrean. Lehia estua izan da (botoen %48 eta %45,5), eta AEBetako presidentetza hauteskundeetan erabakigarria izan ohi den estatua kolorez aldatu da.