Presidentetzarako hauteskundeen ondoren, Hugo Chavezek gobernuaren berregituraketa iragarri du, eta lehenik eta behin, bere bigarrena izango denaren izena aurreratu du: Nicolas Maduro Atzerri ministroa izango da Chavezen gobernuko presidenteordea.Elias Jaua ordezkatuko du. Jaua, Chavezen gertukoa hori ere, Henrique Capriles oposizioko liderrarekin lehiatuko da Mirandako gobernadore izateko hauteskundeetan, abenduan. Capriles sendo dabil Mirandan, jaioterrian, eta presidentetzarako hauteskundeak galdu ondoren atzo argitu zuen Mirandako gobernadore izateko hautagaitza aurkeztuko duela gaur bertan. Chavezek lehiakide sendoa aukeratu du estatu hori bereganatzeko, baina ez du erraza izango.
Maduro, berriz, Chavezen ondoan egon da aspaldian hitzordu garrantzitsuetan, zer esanik ez gaixorik egon denean. Kuban egin dizkioten ebakuntzetan ere bera izan du lagun, eta minbiziaren berri berak eman zion mundu zabalari. Hain zuzen ere, gaixotasunak behartuta kargua utzi behar duenerako berak hartuko luke Venezuela behin-behinean gidatzeko ardura.Baina hori gertatu arte, «taldea sendotzeko» hartu du erabakia Chavezek, «zerbitzari publiko handia» denez «zuzendu behar diten gauzetarako egokia» dela uste du. Ibilbide luzea du Chavezekin mugimendu bolivartarrean.
Joan den igandean egin zituzten presidentetzarako hauteskundeen behin betiko emaitzak eman dituzte. Hugo Chavezek botoen %55,26 eskuratu ditu, eta Henrique Capriles oposizioko liderrak %44,13. 8.136.637 boto eskuratu ditu zehazki; oposizioak, berriz, 6.499.575
Nicolas Maduro Atzerri ministroa izango da Chavezen ondokoa
Elias Jaua Venezuelako egungo presidenteordea Caprilesekin lehiatuko da Miranda estatuko gobernadore izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu