Arratsaldean eskaini duen prentsaurrekoan Bayrouk adierazi du "bere defentsa prestatzeko" eta alderdiaren ikerketak gobernua "zikindu" ez dezan utzi duela kargua. Albistea bera, ordea, lehenago jakin da: ez da izango Emmanuel Macronen gobernuko Justizia ministro. Duela hilabete eman zuen Macronek gobernu taldeko kideen berri. Euskal Herriko hainbat gaitan giltza zuen Bayrouk, eta, orain, Nicole Belloubetek hartuko du haren tokia.
Gobernu berriak, ordea, azken langa bat gainditu beharko du lanean hasi aurretik. Izan ere, uztailaren 4an bozkatuko den konfiantza mozioa irabazi ezean, hirugarrenez osatu beharko luke Gobernua Macronek. Ordea, zail da halakorik gertatzea, bere alderdiak baitu gehiengoa Frantziako Asanblean.
Christophe Castaner bozeramaileak esan du Bayrouren dimisioak egoera "erraztu" egiten duela, eta aitortu du ataka zailean zela gobernua. "Ekaitzaren aurrean, erabaki pertsonal bat egon da", adierazi dio Castanerrek Europe 1 irratiari. Errespetua adierazi dio Bayrouren erabakiari, eta gaineratu du Modemen aurka ireki den ikerketan "defentsarako baliabide guztiak" izatea espero duela. Europako Legebiltzarrean aholkularitzarako egindako kontratuekin iruzur egitea egozten diote Modem alderdiari, eta ikertzen hasita daude.
Hirugarren dimisioa
Modemeko burua da Bayrou, eta alderdi horretako beste bi kide ere batu zituen gobernuko taldera Macronek: Sylvie Goulard Defentsa ministro eta Marielle de Sarnez Europako Gaietarako ministro. Bada, beste biek ere utzi dute kargua. Goulardek atzo jakinarazi zuen kargua uztekoa zela eta Sarnezek gaur jakinarazi du bere alderdiaren legebiltzar taldea koordinatuko duela aurrerantzean.
Arratsaldean iragarri du goebrnuko bozeramaile Alexis Kohlerrek nork ordezkatuko dituen aurreko biak karguan. Haren arabera, Florence Parly izango da Defentsa ministro eta Nathalie Loiseau Europako Gaietarako ministroa. Horietaz gain, gobernu berriko kide izango dira, besteak beste, Gerard Collomb Defentsa ministro gisa, Ekonomia eta Finantzen arduratuko den Bruno Le Maire eta Stephane Travert Nekazaritza ministro karguan.