Nigeria, mehatxupean

Boko Haram talde islamistak ohartarazi du erasoak egiten jarraituko duela; erakundeko presoak askatzeko eskatu dio gobernuariAzken hiru egunetan 21 lagun hil dituzte; iparraldetik bidali nahi dituzte kristauak

2012ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Nigeriako kristauak Boko Haram muturreko talde islamistaren jomuga dira. Herrialdearen iparraldetik alde egiteko ultimatuma eman zien iragan astean, eta epea amaituta eraso bortitzak hasi dituzte iparraldean gutxiengoa diren kristauen aurka. Azken hiru egunetan gutxienez 21 lagun hil dituztela baieztatu du Gurutze Gorriak. Boko Haramek Goodluck Jonathan presidenteari ohartarazi dio ez duela atzera egiteko asmorik. «Gure mugak zabaltzen ari gara. Gobernuak ezarri duen larrialdi egoerak ez gaitu kikiltzen. Egiaz, nahiz dugun tokiraino irits gaitezke», adierazi du erakundeko bozeramaile batek. Erakundea geroz eta indar handiagoa hartzen ari da, eta kristauez gain herrialdea bera dago mehatxupean, gerra zibilaren arriskua geroz eta handiagoa baita.

Azken egunetan egin dituzten erasoak ultimatumaren erantzuna direla baieztatu du muturreko talde islamistak, eta berriz ere, iparraldeko eskualdeetatik alde egiteko eskatu diete kristauei. Xaria edo lege islamikoa ezartzea da Boko Haramen xedea, eta nigeria iparraldea estatu islamiko bilakatzea. Horrez gain erakundeko kideak espetxeetatik askatzeko exijitu dio gobernuari.

Igbo etniakoak dira azken egunetan hil dituzten gehienak, eta hil zituztenean ihesa prestatzen ari zirela jakinarazi dute lekukoek. Herrialdearen iparraldean tentsioa geroz eta handiagoa dela kontatu dute, eta jadanik 90.000 lagun inguruk etxeak atzean utzita hegoaldera ihes egin dutela. Horrez gain, iparraldean jarraitzen duten Igbo etniako kristauek dendak eta bestelako negozioak itxi dituzte, eta etxean sartuta daude erasoen beldur.

Adamawa eskualdean 24 orduko etxeratze-agindua jarri zuen indarrean, atzo, bertako gobernadoreak. Yobe, Borno, Plateau eta Niger eskualdeetan, berriz, larrialdi egoeraezarri du presidenteak egoera baretu asmoz. Eraso gehiago egin dituztela ikusita baina, larrialdi egoera gainontzeko eskualdeetara zabaltzea aztertzen ari da Jonathan. Horrez gain, armada mugiaraztea ere pentsatzen ari dira.

Urte odoltsua

2002an Boko Haram erakundea sortu zutenetik urterik odoltsuenetarikoa izan da 2011. Musulmanen eta kristauen arteko liskarrek 500 hildakotik gora eragin baitituzte. Hain justu apirilean Jonathanek presidentetzarako bozak irabazi izanak egoeragaiztotu du, eta ordutik erasoak areagotu egin dituzte. Izan ere, presidentea kristaua da, eta iparraldeko musulmanek bizi duten pobrezia egoera arintzeko neurririk ez hartzea leporatu diote.

Herritarren %50 inguru musulmanak dira Nigerian, eta %40 inguru, aldiz, kristauak. Hegoaldean bizi dira azken horiek, gehienbat, herrialdearen zonalderik aberatsenean eta petrolio putzuak dauden tokian. Erlijioaz gain, hain zuzen, maila sozialak bereizten dituzte kristauak eta musulmanak eta ezberdintasun horiek ezabatu nahi ditu Boko Haramek.

Orain arte lekuko arazotzat hartu du gobernuak erakunde islamistarena, baina Boko Haramek indarra handitzen duen heinean, atzerritik laguntza jasotzen ari denaren susmoa areagotzen ari da. Al-Qaedaren itzala ikusi dute aditu askok Nigeriako erakundearen atzean. Indar armatuek, hain justu, Boko Harameko ekintzaileak Somalian eta Afganistanen entrenatzen ari direla uste dute.

Muzin negoziazioari

Gobernuak elkarrizketak hasteko eskaintza egin dio erakundeari, eta amnistia ere hitzeman dio erasoak behin betiko geldituz gero. Boko Haramek baina ez ditu Jonathanen eskaintzak aintzat hartu. «Iparraldeko eskualdetan estatu islamista eskatzen dugu, ez demokrazia. Xaria ezartzea da eskatzen duguna», adierazi du erakundeko kide batek.

Hori horrela, polizia gehiago bidali ditu gobernuak iparraldera. Herritar askok baina, poliziak bidaltzea negoziaziorako oztopo izango dela diote. Indar armatuen presentziak, gainera, tentsioa areagotu du, ekintzaileek maiz eraso egiten baitiete poliziei, eta herritarrak beldur dira erasoen zehar biktimak bilakatu daitezkeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.