Nigeriako hiriburu ekonomikoa den hirian, Lagosen, lau solairuko erakin bat erori zen astearte gauean. Nazioarteko Gurutze Gorriak atzo iragarri zuenez, bizia galdu duten lagunak berrogeitik gora dira. Aurreko balantze batean hogei lagun hil zirela eta beste berrogeita hamar zauritu eman zen jakitera.
Eraikina erori eta hiru egunera, birrindutako egoitzaren apurkinen artean bilaketa lanek jarraitzen zuten oraindik atzo. Biktima gehiago aurkitzea ez zuen baztertzen Nigeriako Gurutze Gorriko arduradun Umar Mairigak. Haren ustez, hondamendia gertatu zen unean, egoitzaren barruan edo inguruan aurkitzen ziren lagunak ehundik gora ziren. Lekukoek ere baieztatu zuten eraikina erori zen orduan, astearte arratsean, jende ugari zegoela inguruan nahiz eta ordurako herritar gehienak lana utzirik etxeratuta zeudela.
ERAIKUNTZA ARAUAK AUZITAN. Lurrera etorri zen lau solairuko eraikinean 37 etxebizitza eta denda andana zeuden. Agintariek agindutako ikerketak oraindik ez baditu erorketaren zergatiak argitu, eraikina zutitzeko baliatutako materialen kalitate eskasa izan daiteke gertakari larri honen eragile nagusia. Halaxe uste du behintzat Lagoseko gobernadore Bola Tinubuk, honek eraikinaren eraikuntzaz arduratu direnak berehala atxilotzeko agindua eman baitu. Arduradun hauek epaituak izango direla zehaztu du Tinubuk.
Eraikinak behera etortzen dira maiz Nigerian, batik bat jendez gainezka dagoen Lagosen. Etxebizitzak eraikitzeko kalitate eskaseko materialak baliatzen direla eta segurtasunerako arauak ez direla betetzen argitu dute behin baino gehiagotan adituek. NIOB Nigeriako Eraikuntzaren Institutuak bildutako datuen arabera, 84 erakin lurreratu dira azken hogei urtoetan eta ezbehar hauetan 400tik gora lagun hil dira.
Nigerian berrogei lagun baino gehiago hil dira eraikin bat erorita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu