Nigerian ehundik gora lagun hil dira borroketan, iparraldeko estatuetan

Musulmanak gehiengoa diren barrutietan xaria edo lege islamikoa ezartzeko eskatzen dute gerrillariek

arantxa elizegi egilegor
2009ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Ehundik gora lagun hil dira azken egunetan Nigeriako iparraldeko estatuetan izan diren borroketan. Boko Haram -hezkuntza debekatua dago esan nahi du- talde armatuko kideek egun indarrean dagoen hezkuntza sistema gaitzesten dute, argudiatuz Mendebaldearen eragina duela, eta xaria legea ezartzeko eskatzen dute. Liskarrak herenegun hasi ziren, Bauchi barrutian, ekintzaile talde batek polizia etxe bati erasota. Han, datu ofizialen arabera, gutxienez 39 lagun hil dira, gehienak ekintzaileak. Bornon, berriz, talde armatuak Maiduguri herria kontrolpean hartu duela jakinarazi zuten atzo lekukoek. «Bi ordu nahikoak izan dituzte. Poliziak baino gehiago ziren, eta segurtasun indarrak berehala bidali dituzte herritik kanpora», adierazi du Shafiu Mohammedek. Haren esanetan, non-nahi aurki daitezke gorpuak, zibilenak asko. «Ekintzaileek auto eta etxeetatik atera eta fusilatu egin dituzte denen aurrean».

Gaur egun iparraldeko hamabi estatutan dago indarrean xaria edo lege islamikoa, baina Mohammed Yusufen iritziz, zeinak Boko Haram taldea zuzentzen duen, agintariek Mendebaldeko gobernuen politika jarraitzen dute. Ikasketak utzi dituzten gazte musulmanak dira haren jarraitzaileak. Baina denek ez dituzte haren jarraibideak onartzen. Herritar asko xaria legea zorroztearen aurka daude.

Bauchi eta Bornoz gain, Yoben ere borrokak izan ziren atzo, baina iturri ofizialek ez zuten zehaztu biktimarik izan zen edo ez. Eskualde horretan bertan agertu zen lehen aldiz Boko Haram talde armatua. 2004an jakin zen talde horrek Afganistan izeneko entrenamendu base bat zuela Yoben. Urte hartan hainbat hildako eragin zituzten ekintzaileek, inguruko polizia etxeei erasota.

Leku seguruagoetara ihesi

Nigerian 150 milioi lagun inguru bizi dira, eta hegoaldean gehienak kristauak dira, baina iparraldean musulmanak dira nagusi. Ondorioz, maiz pizten dira batzuen eta besteen arteko borrokak. Iazko azaroan, esaterako, 700 lagun inguru hil ziren bozen ondoren piztutako indarkerietan. Hala ere, azken egunotako erasoek beldurra zabaldu dute herritarren artean, eta milaka izan dira leku seguruagoetara ihes egin dutenak.

Egoera baretze aldera, agintariek etxeratze agindua ezarri dute hiru eskualdeetan. «Etxeratze agindua hiri eta herrietara bakea itzultzen den arte luzatuko dugu», iragarri du Bauchiko gobernadore Isa Yugudak. Horretaz gain, ustezko 176 ekintzaile ere atxilotu dituzte. Talde armatuaren aurkako operazioetan 200 lehergailu eta bonbak egiteko mila edukiontzi ere atzeman ditu Poliziak. Moses Anegbode poliziaburuak, bestetik, ohartarazi du borrokak gogortzeko arriskua dagoela; izan ere, ekintzaileek ohartarazi dute mendekua hartuko dutela. Horiek hala, segurtasun neurriak zorroztu ditu Poliziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.