Nigeriako iparraldean, Kaduna eskualdean istripu handia gertatu da. Kamioi batek istripu larria izan zuen astelehenean erregaiz betetako gordailu baten aurka--33.000 litro zituen-- , eta, ondorioz leherketa handia eragin, eta 90 lagun inguru hil ziren. Nigeriako Gobernuko funtzionarioak bertan dira istripua nola jazo den argitzeko ahaleginetan. Deus gutxi egin dezakete eztandaren ondorioz hildako pertsonen senitartekoei laguntzeko. Eztanda, eta ondorengo sutea, ikaragarriak izan dira, eta beraz, hilotzak identifikatzea oso zaila da, zenbait kasutan ezinezkoa. Hobi komunetan lurperatuko dituzte gehienak.
Ez da Nigerian gertatzen den era honetako lehenengo ezbeharra. Erregaia garraiatzeko hodiak eta gordailuak ugariakdira herrialde osoan, eta arrunt erakargarriak jendearentzat; izan ere, erregai bila hurbiltzen da jende asko, lapurretan egitera. Beste aukerarik ez dute askok. Eskasia arazo gorria da Nigeriako herritar askorentzat. Herritarren %70 pobreak dira.
Kontraesana dirudi. Izan ere,Nigeria da munduko petrolio ekoizle handienetako bat. Petrolio gehien ekoizten duten herrialdeen artean seigarrena da, eta Afrikako lehena. Baina ustelkeriaren, kudeaketa txarraren eta azpiegitura eskasen ondorioz, urri iristen da Nigeriako herritarrengana, eta garesti. Horregatik, maiz, hodi eta gordailuetatik isurtzen den petrolioaz baliatzen dira, edo, zuloak ere egiten dituzte, zuzenean handik erauzi, eta lapurtzeko. Legez kanpo erregaia saltzeak, pobreziatik ihes egiten laguntzen dio jende askori . Baina egiteko arriskutsua da oso.
ANTZEKO KASUAK. Nigerian lehenago gertatu diren antzeko kasuetan larriena, 1998. urteko urrian gertatu zen Atiworon, petroliobide bat lehertu eta 1.500 lagunetik gora hil ziren. Antzeko istripu txikiagoak ugariak dira; iaz, esaterako, maiatzean, 150-200 lagun hil ziren Lagostik hurbil izandako leherketa batean. Inguru horretan bertan istripu larria gertatu zen abenduan ere, Gurutze Gorriak 269 lagun hil zirela esan zuen, baina bertako prentsaren abera, hildakoak askoz ere gehiago izan ziren; 500-700.
Antzeko istripuak saihesteko asmoz. Iazko urte amaieran Nigeriako Gobernuak iragarri zuen oliobideak hirietatik urrundu eta lurperatuko dituztela. Ez da lan makala izango; 5.000 kilometro oliobide dituzte tapatzeko.
Horrez gain, findegi gehiago eraikitzeko plana aurkeztu zuten, egun urriak direlako, eta horregatik delako, hein handi batean, baliabide eskasa gasolina Nigerian. Gasolina atzerritik erosi beharrean aurkitzen dira egun Nigerian , kontraesan mingarria badirudi ere.
Nigerian gutxienez 90 lagun hil dira erregai tanke bat lehertuta
Kamioi batek depositoaren kontra talka egin, eta inguruan zegoen jendea kiskalita geratu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu