«Nik Mursiri eman nion botoa»

Arm Mohamed Abd el Al Tahrir plazan, herenegun. MAYSUN.
Kairo
2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Bere azkeneko lanean, Amr Mohamed Abd el Alek 30 libera egiptoar kobratzen zituen(4 euro), egunean 12 orduan lan egiteagatik. Kiosko batean aritzen zen, Kairoko kale kantoi guztietan dauden horietako batean, alegia, zigarretak, gozoak eta edari freskoak ere saltzen dituzten horietako batean. Kioskoa itxi egin zuten, eta, gaur egun, lanik gabe dago Amr. Dena dela, Kairon joan den maiatzaren 5ean izandako azken liskarretan, buruan zauri bat egin zioten armadakoek, eta, hori dela eta, ezin da luzaroan aritu lanean; bi ebakuntza egin dizkiote, eta beste bat egin zain dago.

«11urte nituenez geroztik iruditu izan zait etorkizun beltza izango dudala», adierazi du Amr-ek; 14 urte zituela Nilo ibaiertzean eseri ohi zen egunkaria irakurtzera. Gero, «modu naturalean», lehenbizikoz atxilotu zuten; 16 urte zituen —orain 21 dauzka—, eta kafetegi batera joana zen. Han hasi zen «eztabaidan herrialdearen egoera txarraz», gobernuak ez zuela-eta jendearentzat lan egiten. Amrrek dioenez, handik ordu erdira atxilotu zuten, eta bi egun eman zituen polizia etxean. Harrezkero, «askotan» atxilotu izan dute.

Duela bi urte eta erdi, Ahli-ren zale ultren taldean izena eman zuen; horixe da Kairoko, Egiptoko eta Afrikako bi talderik garrantzitsuenetako bat. «Maite dut Ahli, eta ezagutzen nituen hainbat ultra, Matariyan hezitakoak baitira; familia bat gara». Hiriburuko hainbat barrutitako bat da; horietan guztietan, kale nagusian izan ezik, lurrezkoa da zoladura. Toki pobre eta gainpopulatua da; turistei ez litzaieke deigarria egingo, baldin eta hango arbola batean geratu izan ez balitz Ama Birjina Egiptotik Palestinara zihoala. Amrren auzoa da Matariya.

Eta iraultza iritsi zen. «Zerbait nahi baldin badugu, haren bila jo behar dugu», esan du Shingumek; hala deitzen diote ultrek. Tahriren egon zen orduan Amr. Amari gezurra esan zion, arriskutsua zen-eta etxera handik oinez itzultzea; tarte batean ibili beharra zegoen. «Mutil bat hiltzen ikusi nuen bertatik bertara, Niloko zubian frankotiratzaile batek tiro eginda; neu izan nintekeen!», azaldu du hunkituta. Amrrek ere parte hartu zuen Mubarak bota aurretiko 18 egun haietan, egiptoarrek burua altxa zezaten. «Ez geneukan armarik, baina bai burutazio bat: herrialde hobe bat nahi genuen».

Pixkanaka, matxinada apalduz joan zen, eta militarrak askoren ametsak zapuztuz. Azaro eta abenduko Poliziaren kontrako oldarraldietan, Amr eta haren kide ultrak buru-belarri ibili ziren lehen borroka lerroan. Agian, horregatik gertatu zen Port Saideko zorigaiztoa, Ahliren eta tokiko talde baten arteko partidan. «Ez nintzen Port Saidera joan, atxilotuta eduki nindutelako, eta egun hartantxe askatu. Loak hartu ninduen, eta esnatutakoan ikusi nituen nire lagunen deiak». Egun hartan, 74 gazte hil ziren, baina oraindik ere ez dago haien inguruko epairik. Amrrek auzoko hiru lagun galdu zituen. Maiatzean, berriz, Amr galtzeko zorian egon ziren haren lagunak.

«Ez dut bozetan sinesten; baina zer egin behar dut, etxean gelditu? Borrokatu egin behar dut». Lehenbiziko bozaldian Hamdin Sabahyri eman zion botoa, eta, bigarrenean, Mohamed Mursiri, gehienbat, ez zuelako Xafik begien bistan ikusi ere egin nahi. «Badakizu, zer? Laster, atxilotu egingo naute, Xafikek irabazi egingo baitu eta berriro ere plazara itzuliko baikara», iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.